Programa berria

Juan Luis Mugertza. Zuriñe Zorrozua eta Borja Sarrionandia. Xabier Rico
2010eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Hemengo politikari abertzale batzuk, oraindik, ez dira programa berrira moldatu, eta ez dakit inoiz moldatuko diren. Dirudienez, zailtasunak dituzte funtzionamendua ikasteko. Urte asko daramatzate eskumako botoia sakatzen orain programa berria aukeratzeko. Aukeran, nahiago dute, orain arte bezala, garbigailuaren goialdeko zulotik arropa sartu, aurreko zulotik baino. Erosoagoa da, eta erabiltzaileari ez dio makurtzea eskatzen. Gainera, orain arte ez dute inolako arazorik izan arropa zuria eta kolorekoa batera garbitzeko, praken poltsikoetan dirurik zuten edo ez begiratzeko, bestelako garbigarriak erabiltzeko.

Baina orain beldur dira, beldur handia diote programa berriari, zentrifugatuaren abiadurari. Badakite garbigailuaren danborra biraka ari dela, zarata gero eta ozenagoa dela. Laster programaren ezaugarriak aukeratu beharko dituzte: luzea, laburra... Eta nola ez, garbigailuaren marka (Fagor ala made in Spain) eta garantia: laster hauteskundeek garbitu ez ezik arropa alde batera eta bestera astintzeko lixiba eta xaboia erabiltzeko gogoa izango baitute.

Juan Luis Mugertza. Berango.

Euskara ikasteko udaldiru laguntzen murrizketa,Bilbon

Aurreko ikasturtera arte laguntza soziala jasotzen dutenei euskara ikasteko ematen zien diru laguntzak zein barrutietan adinekoei eskaintzen zien euskara klaseak bertan behera utzi ditu Bilboko udal gobernuak. 2009-2010eko ikasturtera arte Udalak oinarrizko errenta jasotzen zutenei euskara ikasteko matrikula osoa ordaintzen zien, eta, adinekoen taldeei dagokienez, Udalak berak hartzen zuen beregain irakaslearen soldata. Aurten, krisia aitzakia hartuta, aipatutako diru laguntza eta hainbat euskaltegirekin zuen hitzarmena bertan behera utzi du Bilboko Udalak, oinarrizko errentaren hartzaileei zein adinekoei jakinarazi gabe. Matrikula egiteko orduan jaso dute albiste txarra.

Beste behin ere, agerian gelditzen da EAJk eta IUk euskararekiko duten begirune falta. Krisia ezin daiteke izan aitzakia hainbeste urte administrazio desberdinen aldetik baztertuta egon den euskarari erasotzeko. Euskararen normalkuntzarako bidean, laguntza guztiak ezinbestekoak dira.

Ezin dugu onartu beharrezkoak ez diren handikeriazko herri lanetan, San Mames berria eta Alondegia, Shanghaiko erakusketan, Udalak dituen 79 konfiantzako goi karguetan edota propagandan hainbeste diru xahutzen duen udal gobernu horrek orain esatea dirurik ez duela bazterketa soziala pairatzen dutenei laguntzeko, euskararen bidetik lan munduan berriro integratu ahal izateko edota gure adinekoek herri honen hizkuntza ezagutu ahal izateko. Gai izango dira jendarteari esateko zenbat diru «aurreztu» duten murrizketa horiekin?

Salatu behar dugu azken urte hauetan oinarrizko errentaren hartzaileak, lagundu beharrean, udal gobernuaren jo puntu bilakatu direla. 2007. urtera arte Bilbobusen bidaiatzeko zuten doako txartela kendu zieten, eta ia 27.000 pertsonez osaturiko kolektiboaren kontrako kanpaina mediatiko bat abiarazi zuten iaz, Barkalaren agindupean.

Argi dago EAJren eta IUren lehentasunen artean ez dagoela bazterketa soziala pairatzen duten gero eta sektore handiagoei zulo beltzetik ateratzen laguntzea edota gure nagusien artean euskara suspertzea.

Zuriñe Zorrozua eta Borja Sarrionandia. Ezker Abertzaleko hautetsiak (Bilbo).

Euskara, larunbateko manifestazioan

Larunbateko manifestazioa hasi baino lehen eta amaierako ekitaldia bukatu gabe zegoenean inkesta moduko bat egin nuen. Bi denbora tarte horietan, alde batetik bestera mugituz ehun talde ezberdinetako elkarrizketak entzun nituen. Haietatik 52 gazteleraz izan ziren, 47 euskaraz eta 1 ingelesez. Manifestazioa hasi baino lehen, zenbaketari ekin nionean gaztelerazko hizketaldiak nabarmen gehiago ziren euskarazkoak baino. Badirudi jendea autobusetan iritsi ahala euskarazkoak ugaritu zirela. Nire kontaketa horretan, noizbait parra egin zuten euskarak eta gaztelerak, baina inoiz ez zion aurrea hartu lehenengoak bigarrenari.

Entzundako euskara motak mendebaldekoa (bizkaiera), erdialdekoa (gipuzkera) eta batua izan ziren. Beste euskalkirik uste dut ez nuela entzun. Frantsesaren arrastorik ere ez. Hiztunen doinuari dagokionez, askotan gazteleraz hitz egiten bazuten ere, garbi zegoen euskaradunak zirela nire ezkutuko ikerketaren protagonista asko. Susmoa dut erdarazko elkarrizketa ez gutxi gure egoera soziolinguistiko pattalarengatik, gaztelera ere nahastuz gero eta gehiago egiten den hizketa trakets horren parte zirela.

Ez dakit nire zundaketa honek ezertarako balio duen, baina uste dut zerbaiten adierazgarri badela.

Xabier Rico. Gasteiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.