Arantza Santesteban

Prozesua kaletik pasabideetara pasatzen denean

2017ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Oroitzen dut Loiolako prozesu politikoa abian zelarik, politikagintzan hain ohikoak diren esaldi horietako bat maneiatzen zela mantra baten antzera: prozesuan zehar tempus politikoen gaineko kontrola zuenak pultsua irabaziko zuen. Hala, erruz hitz egiten zen denbora politikoez, bide-orriez, aurkarien sedukzioaz eta prozesuaren bitarte horretan alde bakoitzak «etxe barruan» kudeatu beharrekoez.

Egunotan, ari da errepikatzen mantra, eta beste testuinguru batean bada ere, denbora gako bihurtu da Katalunian. Urrats bakoitza neurtzen da iraupenaren arabera. Puigdemont lehendakariak aldarrikatu zuen errepublika historiako efimeroena izan da: 8 segundoz iraun zuen, hain zuzen ere. Alabaina, berehalakoan errepublika bertan behera utzi eta prozesuaren ondorengo sekuentziak ezjakintasunean geratu dira. Ordutik hona agenda politiko guztiek eztanda egin dute eta hasi dira komunikabide guztietako webguneak minutuz minutu gertaera ororen jarraipena egiten.

Esaten da urriaren 10eko aurreko 48 orduak tentsio handikoak izan zirela Puigdemontentzat. Dei asko jaso ei zituela. Denbora agortu arte egon zirela kontaktuak eta hartu-eman instituzionalak. Lobby ekonomikoen mehatxuak Artur Mas eta bere ondokoen bidez iristen zirela lehendakariarengana. Inoiz ez ditugu jakingo konkretuki bertan pasatu zirenak baina edozein kasutan, diote, Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak balizko mediazio baterako iradokizuna luzatu izana determinantea izan zela, nonbait.

Halere, ez dugu jakiterik izango. Eta zergatik? Zein da politikaren benetako esparrua? Erabakiak hartzen diren lekua non dago? Honakoa planteatzea nahikoa naif izan daitekeela pentsatuko du batek baino gehiagok: hizki larriz idatzitako politika pasabideetan egiten dela, botere faktikoen eta lobby-en presiopean. Eta ez dagoela beste modurik erabaki sendoak hartzeko. Gainontzekoak hippikeriak direla.

Urriaren 1ean kalean izan ziren irudiek kateatuta eduki gaituzten bitartean, azken egunetan, prozesuak beste nonbaitera egin du salto. Denboraren parametroa aktibatu da, urgentzia politikoarena, eta orduan parlamentuak edota alderdien organo exekutiboak ez diren bestelako erabaki-gune batzuk sortu dira. Jendearena behar zuen momentuak, eta kontrara, hasi dira sekretu peko kontaktuak, telefono gorriak deika eta mezulari diskretuak han-hemenka.

Josep Manel Busquetaren hitzak gogoratuz txio batek honela zioen duela egun gutxi: ens hem d'estimar una mica més en aquests dies. Recuperem l'alegria. Izan ere, urriaren 1ean herrialde katalanetan bizi izandakoak arrastoa utzi baitu askoren memorian. Ez da erraz ahaztuko, ez da arinki desagertuko. Ostera, egun hauetan jasandako inpaktu horrek ez du biderik aurkitu kolektiboki ager dadin. Broma edo hippikeria gutxi: horrek guztiak une honetan martxan dagoen prozesu demokratikoa termino politiko zein sozialetan gaiztotu dezake.

Izan ere, jendea ez da besterik gabe, masa. Herritar antolatuak ez dira besterik gabe, masa borroka. Dinamika soziala da erregimen apurketa bat bideratu nahi duen edozein prozesuren zutabe.

Urriaren 1ean gorputza eta adimena jarri zutenak herritarrak izan ziren, ideologia askotarikoak, ez soilik independentistak. Erreferendumaren alde agertu ziren sentsibilitate askotarikoek egin zuten topo eskoletan eta kaleetan, eta, une batez, aktibatu zen subjektu politiko berri bat. Hori guztia masa soil bat dela pentsatzeak badu ikuspegi erredukzionistatik asko. Mugimendu transbertsala izan da CDR-tan (Comites de defensa del referèndum) antolatu den jendea, eta bertan subjektibitate politiko askok egin dute bat: ezkerreko independentistak, independentista liberalak, mugimendu autonomoetakoak, anarkistak, inoiz antolatuta egon ez direnak eta abar luze bat. Hori guztia, ezin da besterik gabe kategorizatu: artikulazio konplexu bat da, zaindu beharreko herritarren aliantza.

Kaleetatik pasabideetara salto egin den honetan, umezurtz sentsazioa du batek baino gehiagok. Ikusle pasibo eta deprimituaren paperean sentitzen denik bada. Denbora politikoaren kudeaketaren izenean, galera handia litzateke sortutako energia sozial hau guztia noraezean uztea.

Pasabideetan elite politiko eta gorbatadun gizonezkoen arteko paktuak eraginkorrenak diren ustearen aurrean bada bestelako elementu bat balioan jarri behar dena: politika sendoa, parametro ezberdinetan egin daiteke. Izan ere, jendeak badu hitza, gorputza, memoria eta inteligentzia.

Tempus politikoak maneiatzea izan liteke gako, baina jendearen frustrazioa eta espektatibak kudeatzea hori baino inportanteagoa da. Hurrengo egunetan, erabakigarria izango da urriaren 1ean mobilizatu zen jendearen energia zein indarra zaintzeko estrategiak bideratzea, ikusle pasibo izatetik berriz ere, subjektu aktibo izatera pasa dadin jendea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.