Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideetarako zuzendari ohia. Juan Jose Martinez

Sabin laguna

2010eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Ez dut egingo Sabin Intxaurraga Mendibilen eta haren ibilbide politikoaren goraipamena, askorentzat ezaguna, eta, Euskal Herrian edozein pertsona publikorekin gertatzen denez, onartua, mespretxatua… Baina beti erreferentzia azken berrogeita bi urteetan, Zeanuriko, bere herriko Herri Gaztedirekin hartu zuen konpromiso goiztiarraz geroztik.

Izango da denbora haren testamentu politikoaz eta sozialaz aritzeko: alkate gisa herrian; Lehendakaritzako idazkari nagusi gisa Carlos Garaikoetxearekin; parlamentari; Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu (ministro); edo Lurralde Antolaketa eta Ingurumen sailburu gisa Eusko Jaurlaritzan.

Gizakiok beti gabiltza eztabaidan bizitzari eta heriotzari buruz, eta gaur nahiago dut goraipamena egin pertsonari buruz: pilotaria eta pilotazalea —bigarren mailako txapelketetan parte hartzera heldu zen—, euskaltzalea, bertsozalea, abertzale amorratua.

Diziplinatua, irmoa, lagunen laguna, leiala, gizarte erantzukizunak biziki betetzen zituena, eta, azkenik, borrokalaria. Galdakaoko ospitalean zegoelarik, azkenean eraman duen koloneko minbiziaz ebakuntza jasan ondoren—askatasunean bego—, erizain batek iradoki zion menderatu behar zuela zoritxarra; erantzun zion: «Egingo dut; akaso zuk ez dakizu, baina ni borrokalari hutsa naiz».

Borrokalari nekaezina, eta sentibera, giza eskubide indibidual eta kolektiboen edozein urratzerekiko —haren agintaldian, lehen aldiz, Euskadiko hiztegitik baztertuta ziruditen alor horretako kontzeptu batzuk sartu ziren—.

Haren ibilbide politikoko hiru une gogoratu nahi ditut, oraintsukoak, Giza Eskubideekin lotura dutenak: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu ohi Fernando Buesa sozialistaren eta haren bizkartzainaren hilketa; EAEko espetxeetara hango berri argi eta garbi emateko sartu izana—haietan zegoen kartzelatuta Herri Batasuneko Mahai Nazionala—; eta Egunkaria kazeta itxi zutenean izandako erreakzioa.

Lehen kasuan, argi zegoen sailaren erreakzioa: arbuioa, gaitzespena eta abar indarkeria eta armak erabiltzeari helburu politiko batzuengatik; baina, minaren eta atsekabearen gainetik, uko egiterik ez printzipioei, eta giza eskubide guztien defentsa pertsona guztientzat, bizitzeko eskubidetik hasita (Eskubide guztiak guztiontzat, bizitzeko eskubidetik hasita).

Bigarren kasuan, uste osoa bide helburu politikoak eta subiranotasuna lortzeko bide politikoen eta demokratikoen defentsarekiko, atxilotuak eskatzeko eskaria, eta motibazio politikoko presoak berriz elkartzeko eskaria, hainbeste desiratutako bakea lortzeko.

Hirugarren kasuan, euskarazko hedabide idatzi bakarra itxi izanari emandako erantzuna; haren iritzia agerian geratu zen Eguneroren lehen zenbakian —Tolosako eskualde egunkariaren mantxeta zen, Hitza tokiko edizioen aurrekoa–, era murriztuan eta ahalegin handiz argitaratu zen hartan, egungo BERRIA agertu zen arte.

Itxaropentsu, euskal herritar asko bezala, egungo prozesuarekin eta Euskaldunako eta Gernikako akordioak sinatzearekin... Bultza egiten eta parte hartzen aritu zen, uste izanik, azkenean, Euskadik sortu ahal izango duela bere etorkizuna, askok diktaduran, trantsizioan eta 2010era arte jasan duten sufrimendutik eta minetik aldenduta.

Lagunen lagun, errotik demokrata, eta irmoa bere usteetan eta horiek adierazteko moduan; inoiz baino beharrezkoa da erradikaltasun demokratikoa, konfrontazio ideologiko eta politikoko uneetan.

Komunikabideen irakurle porrokatua, beti bereiziz horietako bakoitzari eman beharreko tratua, jasotako tratuaren arabera; ez aurrez aurre jartzeko, baizik eta limurtzeko.

Beti kezkatuta nazioarteko eremuan gutaz uste eta esan dezaketenaz, eta, horregatik, ekarpena egin zuen estaturik gabeko nazioetako gobernuen sare bat osatzeko, garapen iraunkorraren alde; Euskal Diasporarekiko ere kezka izugarria zuen.

Dirua gastatzeko garaian zorrotza, inon izatekotan (laneko bidaiaren bat hegazkinean egin behar zenean, turista klasean behar zuten izan erreserbek —Intxaurraga bidaiak esaten genien—), mendizalea, eta gure idiosinkrasiaz oso jakituna —menditik, beti jasotzen zenuen dei bat non iradokitzen zizun proposamen edo ideiaren bat, aurrera egiteko edo korapilo bat askatzeko—.

Agnostikoa, batere ez beligerantea, hemengo tradizio erlijiosoak ezagutzen zituena, baina horietatik aldenduta zegoena, hainbat arrazoirengatik.

Talde multidiziplinarrak egiteko gai bere funtzioan, posizio hertsiari edo familia politikoari edo sortutako interesei begiratu gabe.

Bere idealekin konprometitutako gizona.

Bizkaiko bertsolari txapelketako finalerdian, Sabin publikoan falta zela ikusita —jakina zen gaixo zegoela—, Arkaitz Estiballesek bertso bat eskaini zion. Albistea jakin ondotik, beste bertso bat eskaini dio:

Gorbeie besarkatu jok

edurrek negu hotzean,

txoriek triste jagozak,

gure herrien antzean

bea udaberriegaz

eguzkie esnatzean,

amesten hindun moduen

herri zahar hau loratzean,

beti hortxe egongo haz,

Sabin gure bihotzean.

Agur laguna, beti arte.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.