San Joan bezpera, 2023

2023ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
En la Plaza Constitución
han plantado un árbol,
que anuncia a los donostiarras
la víspera de San Juan.
Arderá la hoguera,
bailará el Alcalde,
tocará Ansorena
la marcha tradicional.
Juan Alvarez Urreisti, 'Gamborena'

Dagoeneko jarrita egongo da arbola Donostiako Konstituzio plazan, alegia Plaza Berrian, donostiarrei San Joan bezpera iragartzeko. Gamborenaren kantak, gerra ondorengo urteetan gaztelaniaz idatzia, honela zioen: Sua piztuta, Alkatea dantzan, Ansorena jotzen... Horixe du ezaugarri tradiziozko ekimen erritualen errepikapenak: sentiarazten du mundua bere horretan mantentzen dela, urteak ez direla pasatzen. Ziurtasuna ematen du eta lasaigarria da. Pertsonen barne psikologiarekin lotuta dago kontua. Donostiarrok, Bandera beltza eman dieten Kontxan eta Ondarretan itsasertzetik ibilaldia egitean, Tenis aldeko edo Nautiko ondoko pareta ukitzen ez badugu, deprimituta, osatu gabekoaren sentimenduaz joaten gara etxera. Batzuk Lorazepam hartu behar izaten dute. Botika horren antzeko balioa du errituak. Kakatiak baikara pertsonak.

Baina ez da egia. Munduak aldatzen jarraitzen du, egunero hogeita lau orduetan, etengabe. Ekaineko 23an alkateak, lizarraren aurrean eta era solemnean, honela esango du: «Udaburuan gaude, udako solstizioan. Argia iluntasunari gailendu zaio. Luzeagoa da eguna gaua baino. Horrek bizitza hobearen itxaropena dakarkigu, eta arbola hau horren ikurra da. Etorkizunean berarekin bat etorri nahi dugu, Naturaren atala garela sentitu. Zaintzen saiatuko garela zin egiten dugu. Eta, horren adierazgarri, biziaren ura zabaltzen dugu eta su garbitzailearen sinboloa ere piztuko dugu...».

Ez dago gaizki testua. Igartzen da fikziozko idazle onak dituztela alkate bulegoan. Nola lotzen da, adibidez, aurretik pasatako guztiaren ondoren, Donostiara errugbi txapelketa batera etortzeko milaka zale frantziarrei egindako deiarekin? Argi dezagun: kirol saioak ikustera (ez egitera), alkohol ugari edateko kirola praktikatzera, bazterrak zakarrez eta batzuen poltsikoak diruz betetzera, eta donostiar askoren gogoak nazkatzera etortzeko zen deia. Aurreko hauteskundeetan, turismo neurrigabearen aldeko jarrerak, kalte egin omen die udaletxean agintean dauden alderdiei. Gure alkateak aitortu du ulertu duela botoen mezua eta kontuan hartuko duela. Ez dut uste. Ondokoa duen Marisol Garmendiak kanpainan behin eta berriz iraingarri gertatzen den hau errepikatu zuelako: turismofobikoak omen gara donostiar asko. Babuak alegia. Adimen artifizialak esan omen dio. Berak bide zuzena ikusi du eta erakutsiko.

Nondik begiratzen den, ordea, tradizioen kontua, fikziozkoa izan arren, egia da. Humanoek ezin dugulako fikziorik gabe bizi, horretxek elikatzen gaitu gogoz eta gorputzez. Eta fikzioa errealitate bihurtu nahian, donostiar hainbat Konstituzio plazari jatorrizko izena, Plaza Berria ematearen alde agertu gara. Oraingoz, izena aldatu ez arren, errealitatea berritzearekin konformatuko ginateke. Plaza berritua, non duintasunez bizi eta atsedena har litekeen, nahi genuke. Alkatearen diskurtsoan esaten dena, gutxi gorabehera.

Kaxkamelon batek, eskaera hori dela eta, sareetan jarri du: Jatorrizko izena??? Beti izan da Konstituzio plaza ez izan pedantiak!! (sic). Tradizioen ingurukoliskarretan beti ateratzen da beti hitza.Ni jaio nintzenean eta 25 urte bete bitartean, Plaza Berriaren izena, euskarazko ordainik gabe, Plaza del 18 de julio zen. Gogoan dut gure amona Euxebik behin taxi batean «Konstituzio plazara» ekarriko ote gintuen galdetzeagatik jaso zuen purrustada: «Querrá decir la Plaza del18 de julio», bota zion taxizale bibote finekoak.

Ez dago betikorik. Baietz pentsatzen hasita geunden Silvio Berlusconi, Il Cavaliere atorrantearekin. Betirako biziko zela. Baina ez. Ordainetan, Estatu hileta egiten diote. Milango artzapezpikuak aipatu du hark bizia maite zuela... Mediterraneoan miseria eta gerraren ihesean hil diren ehunka etorkinek ez al zuten bizia maite? Edo, egoerak behartuta, munduan abortu klandestinoetan hil diren milaka emakumeek? Horiek bai Estatu hileta merezi.

Fikziozko antzinakotasuna omen dabetikotasunaren antzekoena. Horregatik agian oraingo atzerako pausoa erabaki politikoetan, antzinarora itzuli nahia. Gure hiri sakratuan, Gernikan, hasi dira eta udalean euskal monarkia primitiboa ezartzeko lehen ahalegina egin dute: Gorroñotarren dinastia.

Batzuk fikzio pozgarriari jarraituz botoa ematera joango gara uztailaren 23an, aurrekoaren emaitza alda litekeelakoan. Bestela gure plazari Otsaileko 23 izena jartzeko arriskua izan daiteke. 23 gehiegi.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.