Sarkozyren erretiroa
Erretiro adina atzeratzeko proposamenaren kontrako hamaikagarren protesta eguna izan zen atzo Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Kalean bildutako jendetzak eta etziko grebak ez dute eragotziko asteazkenean Senatuan erreforma behin betiko onartzea. Nicolas Sarkozy Errepublikako presidenteak behin eta berriro esan du ez dagoela prest erreformaren muina aldatzeko: erretiroa hartzeko gutxieneko adina 60 urtetik 62ra atzeratzea eta pentsioa oso-osorik jasotzeko adina 65 urtetik 67ra igotzea.
Sarkozyk esan izan du erantzukizunez eta odol hotzez jokatzeko unea dela; kalera atera direnek, aldiz, odola borborka dute. Sindikatuak protestekin jarraitzeko prest daude. Ikasleek eta garraiolariek bat egin dute. Findegiak itxita daude eta erregai eskasia nabaritzen hasi da. Presidenteak ez du atzera egingo, baina jendearen haserrea garesti ordainduko du 2012ko hauteskundeetan. 57 urterekin, bost urte faltako zaizkio erretiroa hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu