Forbes aldizkariak urtero zerrenda bat argitaratu ohi du udazkenean, AEBetako 400 pertsonarik aberatsenak bilduta. Horri begiratu bat emanez gero, William Gates aurkituko dugu zerrendaburu-eta munduko zerrendan, bigarren tokian-, 54.000 milioi dolar baititu -iaztik hona 4.000 milioi gehitu ditu-; hirugarren tokian, berriz, Larry Ellison dago, Oracleko sortzaile eta zuzendari nagusia baita eta 27.000 milioi baititu. Laurehun pertsonako zerrenda horretan iragazki bat dago industria sektoreka, eta, teknologia arloko aplikatuz gero -Hardware, Software, Telekomunikazioak-, 39 gizon eta emakume bat ageri dira. Berrogeiko azpizerrenda horretan ikusten denez, lehen 20 tokietatik 14 softwareko negozioak dira: zehatz-mehatz, sistema eragileak -Microsoft, Apple-, amaraunean dabiltzanak -Google, Amazon, Facebook, eBay- eta enpresa alorreko konponbideak ematen dituztenak -Oracle, SAS-. Zorioneko -ezin hobeto esanda- hamalu horietako bakoitzak 2.200 milioi baino gehiago dituzte; guztiek batera, berriz, 185.000 milioi dolar dituzte.
Zifra hori herrialdekako BPGd-aren baturan oinarrituta zenbatu nahi izanez gero -betiere, Munduko Bankuaren 2008ko datuetatik abiatuta-, beste 63 herrialde gehitu beharko lirateke. Kontuan hartzeko auzi etikoa izango litzateke, bestalde, norbere aberastasunaren gehienekoa arautzea komeni den, edo, auzia soldaten alorrera ekarrita, ba al den soldata gehienekorik, gutxienekoa baden bezala; norbaitek batekin bizi ahal badu, etikoa al da beste norbaitek ehun baino gehiago jasotzea? Nolanahi ere, eta, biztanle gutxi bezain boteretsu batzuen gogoz kontrakoa izanagatik, litekeena izango al genuke aberastasunaren banaketa horizontal baten ontasuna adostea, planetako edozein pertsonari gutxieneko bat bermatzearren, gizarte egonkortasunaren aldeko ikuspegi praktiko batetik besterik ez bada ere -gizarte bazterkeria, migrazio emariak, gatazka sozio-ekonomiko zenbaitetan armatuak...-.
Hamalau ospetsu horietara itzulita, ordenagailu programez gain, zer ezaugarri komun dute? Horiek guztiak erruz aberastu direla software pribatu edo ez-librearen negozioari esker, hau da, iturburu kodera sartzea ez ezik hura aldatzea eta programa kopiatzea galarazita. Ados, jarduera erabat legezkoan dihardute, baina beste ekonomia ereduak, software libreak, modu unibertsalean hedarazten du teknologia ezagutza -berrikuntzarako ernamuin ezin hobea-, eta, horrez gainera, aberastasunaren banaketa eredu askoz ere horizontalagoa sortzen du.
Hori hala da, know-how esaten diotena ez delako geratzen fabrikatzaileen esku -hamalau kasu horietan, sarritan, benetako monopolio bihurtu da azkenean-, eta zilegi delako teknologia oinarria duten enpresak sortzea eskualdez eskualde; hala, tokian tokiko bezeroek -etxeko erabiltzaileek, administrazioa publikoetakoek eta bestelako enpresetakoek- haietara jo dezakete, eta enpresek berek ere sendotu egin dezakete beren gaitasuna. Halaber, beste fenomeno bat sortzen da: lankidetzen logika, alde batera utzita dinamika lehiakor gehienak -liskarra eta «nork ahal duena» baitarabilte oinarritzat-.
Eguneroko kontuak hizpidera ekarrita, inork ez du ukatuko iPad tramankulua ongi dabilela eta hedatuta dagoela aldian aldiko Windows programa erabiltzea; inork ez du ukatuko, halaber, duela urte batzuk burtsan 1.000 euroren Apple sagarrak erosi zituenak 3.000renak izango dituela gaur egun. Baina ikuspegi orokorrago eta luzera begirakoago batetik, agian aztertzekoa izango litzateke produktu horiek ez ote diren hautabide ez-pribatuetan egindako inbertsioak baino kaltegarriagoak. Primerakoa iduri luke planeta osoko edo herrialde bateko biztanle guztiek BMW bat edukiko balute, baina kontua da ez dagoela guztiontzat adina, ez aipatzearren zenbaterainoko kutsadura ekarriko lukeen hainbeste auto izateak.
Horregatik guztiagatik, komenigarriagoa da administrazio publikoek ahalegin sendoa egitea software librearen eta haren erabileraren alde; onuragarriagoa izango litzateke etikaren eta politikaren ikuspegitik. Honako hau da, beraz, apustua: zertan datzan ulertaraztea eta zer abantaila dakartzan ikusaraztea; horrez gainera, ordea, politika eta estrategia plan jakinak ezartzea, horretarako beharrezkoak diren baliabide publikoak erabilita, eta dagozkien azterketak egitea, kalitate goreneko programak eta biztanleengan, enpresetan eta administrazioan eraginik handiena dutenak lortzeko asmoz.
(Erredakzioan itzulia)
Software librearen inguruko gogoeta makroekonomikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu