Spartacus gogoan

Fito Rodriguez Idazlea
2010eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Hori etsipen kaskarin eta ergela! Irudimen eskasak beti esaten du iraultza guztiak gaizki eginak edo txarto bukatzen direla! Robespierren terrorismoa izan zela Frantziako Iraultzaren ondorioa, Stalin Urri Gorriaren Matxinadak sortu zuela... hori baino inozokeria handiagorik!

Zertarako balio izan zuen boltxebikeen ahaleginak; gulag-ak asmatzeko ala?

Hori zela-eta hasi behar izan zuen Nabokovek idazten, bestela tximeletak harrapatzen pasatuko zuen bizitza guztia. Gizarte aldaketak usteltzeak egundaino ez du lortu hurrengo iraultza eragoztea, hainbat egoeratan aldaketaren premia saihestezina baita. Palestinarrek, esate baterako, iraultzaile bilakatu behar dute ezinbestean, edo kurduek... baina horrek ez du Historiarekin zerikusirik, bizitzaren bilakaerarekin baizik.

Spartacus bezala...

Stanley Kubricken filma gogoratzen dut. Luzea, oso. Kirk Douglas, Laurence Olivier, Tony Curtis, Charles Laughton, Peter Ustinov...eta Jean Simmons... baina pelikularen hastapenetik bertatik Spartacusen ahalegina, errebolta gaizki bukatuko dela adierazi arren, eta mezu bera istorioan zehar etengabe errepikatzen badigute ere, Spartacusek bereari eutsiko ziola garbi dago, esklabu izanik ez baitu beste aukerarik...

Beno, hori ez da guztiz horrela, izan ere, pelikulan bertan berau salatuko eta salduko duen piratak aukera eskaini omen zion erromatarrek menperaturiko lurraldeetatik ateratzeko... eta Spartacusek, berriz, zalantza izpirik gabe, ezetz biribila eman zion.

Horregatik da heroi mitikoa.

Erromako inperioa garaitzea ezinezkoa zen...

Jakina, eta 1916an Dublingo Posta bulegoari eraso zioten IRAkoek ere jakin bazekiten britainiar inperioaren aurka galduko zutela, seguru.

Eta berrogeita hamarretan AEBetako Kongresuaren eta Etxe Zuriaren kontra atentatua egin zuten Puerto Ricoko haiek ere bazekiten egungo inperioa garaitzerik ez zutela izango eta, halere, egin zutelako izan ziren heroiak...

Alferrikako ahaleginak izan al dira haiek guztiak?

Britainiarrek edo estatubatuarrek horixe bera diote, ez, ordea, Irlandako errepublikanoek eta Puerto Ricoko independentzia zaleek...

Baina, haien antzera, haiek literaturara eta zinemara eraman izan diren istorioak dira eta ez Historia bera, esan dezakete sistemaren magalean gizendutako politiko edota intelektual etsituek...

Ados. Hala eta guztiz ere, Stanley Kubricken filmaz ari naiz ni orain, eta hantxe, ahaleginaren porrota pairatu ondoren, Spartacusen bikotekidearen jabe bihurtu zen Kraso, Jean Simmonsek antzezturiko emakume esklaboaren jabe, eta Spartacusen haurra ere bereganatu zuen, jaiotzear zegoen haurra...

Krasok bere menpean hartu zuen, baina hori ez zen aski izan. Krasok berak maitatua izatea nahi zuelako, hau da, horretan ere, Spartacusi gailendu nahi zitzaion, eta ezin izan zuen hori lortu.

Horregatik dugu esklaboen buruzagia heroia, garaitua izan arren, ezin izan zutelako ahantzarazi.

Eta iraultzaileak Spartacus horren moduko heroiak dira nahiz eta historialariek, edo politikariek, etorkizuna, edo iragana, eskuratu beharraz hitz egiten badigute ere, eta, orain modan dagoen bezala, etorkizunik ez dagoela edo Historia bukatu dela hedatu nahian badabiltza ere, benetako arazoa da ezkutatu egin nahi dutela jendea eta bizitza nola bilakatzen diren. Heroiek, eta iraultzaileek, egoeraren aldaketari eusten diote, beraiek nahi bezalako eraldaketa ustelduko dela jakin arren. Historialariek, berriz, funtsezko hori nahasi egiten dute, nahita, Historia eta bilakaera, geratzerik ez dagoen gizarte aldaketarako indarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.