Superheroi mediatikoak

Iban Laka. Roman Garmendia. Josebe Blanco. Bilbo. Donostia. Gasteiz
2010eko urriaren 31
00:00
Entzun
Lan mundua beti izan da gure buruhauste zein nahigabeen jomuga.

Egun, gure gazteria inoiz baino prestatuago daukagu, hala diote politikariek edozein mikrofono tarte baliatuta; trebakuntza izan behar dugu gure jokamoldearen ardatz eta xede gaineratzen dute, begitartea ilunduz, erabakitasuna agertze aldera.

Tentuz eta esne mamitan hezi eta gero, diru piloa xahuturik eta informazioz gainezka, hamaika ordu igaro beharko ditugu soldata miserable baten truke, nagusiaren aldarte desatsegina pairatu, langileen arteko gatazka ageri zein ezkutuen ur-lasterretan arraunean aritu, bidegabekeriei men zein ez ikusiarena egin...

Bitartean, aitzineko mundu eder honetatik ez oso urrun, hurbileko galaxia batean, gimnasioan hezitako telebistako superheroi mediatikoek diru mordoa irabaziko dute epe labur-ertainean, guk gure bizitza osoan irabaziko dugun adina, beren bizitzaren kontakizun arranditsuaren truke, euren izaera zein portaera nerabeen eredu bilakatuta.

Nik, jada, egoera arretaz aztertu ostean, nire giharrak puztu eta poltsikoa pizteko erabakia hartu dut, hipoteka ordaindu eta laster etorriko den alabatxoarentzat superheroi eredugarri izan nadin.

Iban Laka. Bilbo.

Erretiratuen eta pentsiodunen manifestazioan

Herenegun, urriaren azken ostirala, erretiratuen eta pentsiodunen manifestazioa izan zen Donostian, eta ni ere, pentsioduna bainaiz, joan nintzen. Azken batean, pentsatu nuen, ekonomia politikoa da zientzia politikoan primarioa dena, eta ni, behargina izanik, sektore publikoaren nagusitasuna nahi dut, horren barruan dagoela gizarte segurantza, oro har hartuta, eta nire ekonomiaren printzipalena hortik da, eta hortik nago seguru eta ez miserable.

Behin Santiago Carrillok, Gerra Hotzaren garaia zen, esan zuen ezen langileak Europa kapitalistan askoz hobeto bizi zirela komunistan baino, ba omen zeuden gizarte segurantza eta horrelako primerakoak ere, eta hark komentatu zuen hori zela inbidia ematearren sektore komunistako beharginei, taktika bat beraz. Eta orain, sektore komunistarik ez dagoelarik, sektore publikoa defizientea dela esaten dihardute, oso defizientea dirudienez.

Eta ez da egia. Egia bada norberarena dena askoz hobeto zaintzen dena inorena dena baino, eta hortik sektore publikoa, nagusia herrialde komunistetan, defiziente izatea. Baina horrek ez dakar ondorioztatzea ezen konponketa neoliberalismoak proposatzen duen bidetik datorrela. Dena pribatu bihurtu. Badirudi hortik doazela, kapitalistak konbentzituta, eta euren morroiak hori arrazoitzen.

Ni ez naiz inoren morroi politikan, eta sozialista kristaua naiz, eta sektore publikoaren nagusitasunaren aldekoa naiz, sektore publiko indartsu eta efizientea. Eta horretarako behar dira sindikatuak eta alderdi ezkerrekoak tontokeriekin ez dabiltzanak. Herriaren ekonomia sendatzea helburu dutenak, gero, hori, lehentasunekoa dena, konpondu eta gero, egon dadila pentsamendu askatasuna eta bakoitzak teorizatu dezala ondoen deritzona, baina lehentasunekoa beti da lehentasuna. Ekonomia.

Roman Garmendia. Donostia.

Seme-alabei Gasteizen euskaraz jolasteko aukera oparitu nahi diegu

Orain dela hiru urte, alaba jaio zenean, ezin genuen imajinatu sozializazioa hain zaila izango zenik, inondik ere. Ez, gure alabak ez du arazorik ez komunikatzeko, ez jolasteko... gure alaba euskaldun elebakarra da. Beste lekuetan ez dakit, baina Gasteiz batean, honek sozializazio prozesua konplikatu dezake ume euskaldunik ezagutzen ez baduzu. Norekin jolastuko da umea inguruan inor(k) ulertzen ez badu? Guk zorte handia izan dugu eta auzoan bi haur euskaldun topatu genituen jolastokian. Amok telefono zenbakiak trukatu, eta harrezkeroztik hor gabiltza gure arratsalde, goiz edo egun-pasak egiten.

Alaba ikastolan hasi berria da, D ereduan hain zuzen, eta, guretzat zorionean, gela berean beste bi ume euskaldun daude. Besteen esperientziekin alderatuta, pagotxa gurea! Irakaslearekin ez ezik, alaba beste norbaitekin komunikatu ahal izango da!

Eskolan ezagutu ditugun guraso euskaldunek gure kezka bera dute. Beraientzat ere, kalean, parkeetan... adin bereko ume euskaldunak ezagutzea oso zaila da. Arratsaldeetan parkean jolasteko bada ere.

Eta neure buruari honako hau galdetu diot: zergatik ez bildu uharte isolatu hauek artxipelago bat eratzeko? Hauxe da nire helburua.

Kontua da Gasteizen irla euskaldun asko garela. Bil gaitezen gure umeek euren ama hizkuntzan jolasteko aukera izan dezaten. Osa dezagun artxipelago euskalduna!

Lehendabiziko asmoa eta urratsa gure ekimena ahoz aho zabaltzea da eta horregatik jo dut zuengana. Zuk, irakurle, agian ez duzu hau behar; baina behar hori daukan baten bat ezagutzen baduzu, esaiozu, zabaldu zure inguruan.

Azaroaren 6an, arratsaldeko 17:00etan, gaztetxe parean dagoen parketxoan. Beharbada, bertaratu nahi duen guztia ezin izango da joan. Lasai, lehen egun honetarako eginkizunageure artean antolatzea da; bai auzoka, bai ordutegika, bai adinka... eta sare bat eratzea. Hau aurrera eraman ahal izateko helbide elektroniko bat sortu dut:[email protected]

Egia esateko, honek guztiak beldurtzen nau. Eta inor agertzen ez bada? Ba, irlen bizimodua gustuko dugula esan nahiko du... Tira, gu bertan izango gara, eta beste bizpahiru familia gutxienez ere bai... Beldur hori baino handiagoa delako etorkizunean eman beharko nukeen azalpenaren mamua. Nola esan alabari berak giro euskalduna izateko ez nuela ezertxo ere egin? Ez dakit berak barkatuko lidakeen; baina ziur naiz neuk neure buruari ezingo niokeela barkatu.

Geure umeei euskaraz bizitzeko aukera oparitu nahi diegulako, bil gaitezen azaroaren 6an!

Mila esker eta elkar ikusiko dugu.

Josebe Blanco. Gasteiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.