Beatriz Zabalondo.

Telebista ikusi ala irakurri (II)

2012ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Artikulua behin paperera ekarrita, idatzi ditugunak—esan nahi ez zirenak eta esan gabe doazenak barne—, denak betikotuta geratzen dira; berbek —ordura arte letren linbo moduko batean ernai— berez bizitzen hasteko gaitasuna dutela erakusten dute. Hobeto esanda, berez ez; berbek bizia hartzen baitute irakurleen begi-gogoek irakurketagai bihurtzen dituzten unetik aurrera.

Lehengoan, izenburu bereko artikulua idatzi nuenean, akats batekin bidali nuen erredakziora. Hauxe nioen: «Ikertzaileak ondorioztatu zuenez, berriak azpidatziekin ikusi zituzten ikusleek askoz ere lan handiagoak hartu zituzten bideoan ikus-irakurritako informazioa bereganatzeko, eta urrutitik ere ez ziren iritsi azpidatzien taldeetako (sic) ikusleek eskuratutako informazio kopuruetara». Ikerketan parte hartutako taldeen arteko alderaketa egitean, hitzen nahas-mahasean isuri zitzaidan hutsa. Honela eman behar nuen: «Ikertzaileak ondorioztatu zuenez, berriak azpidatziekin ikusi zituzten ikusleek askoz ere lan handiagoak izan zituzten, informazioa bereganatzeko, azpidatzirik gabe ikusi zituztenek baino, eta urrutitik ere ez ziren iritsi azken hauek jasotako informazio kopuruetara».

Hutsa zuzentze aldera gai berarekin natorrenez, orduan espazio faltagatik alboratutako xehetasun batzuei ere bide emango diet orain.

Izenburuari erantzunez, aurrekoan garbi adierazi nuen, ene iritziz, telebista ez dela irakurriz kontsumitu beharreko medioa. Filmez eta telesailez ari naiz gehienbat, baina ez fikziozko programez soilik; areago ere zabaldu da azpidatzietarako esparrua, baina ez dira denak zaku berean sartzekoak, eta non zer hautu egiten den, eta zergatik, aldea dago. Gorrentzako audiodeskripzioaz ere ez naiz ari; entzumen gabeziarik edo urritasunik ez duten telebistako ikusleak ditut gogoan. Zinema eta orotariko ikus-entzunezkoak kontsumitzeko beste aukera batzuk ere bazter utzi ditut hemen.

Telebista sortu zen ikus-entzunezko medio gisa; irudiak ikusteko, ez esaldi sortak irakurtzeko. Telebistaren aurrean jesartzen garelarik, hizkuntza zein kanaletatik etorriko zaigun (ahozkoa vs. idatzizkoa) ez dugu pentsatzen; irudiak ikustea eta hizkuntza entzutea espero dugu beti. Hori du berezko telebistak. Denborarekin, telebista asko aldatu da, bistan da. Halako estatutan eta bestelako hizkuntza bultzatzeko azpidatzietara jo izan dela eta biztanleriaren elebitasuna erdiesteko bide ezin aproposagoa izan dela? Baliteke. Auzoetako zein hizkuntzaz dihardugun, zein egoeratan dauden eta zer baliabide dituen «hango» gizartean, ez dira euskarak dituenak izango, onenak nahiz txarrenak izan. Guk ezin dugu haien begietatik erabaki zer komeni zaigun. Gerra Hotzaren ostean, estatuek—herriek esatea berdin balio du hemen, kasurako— halako edo bestelako botere edo ideologiaren alde lerratu ohi ziren, eta haren babesean egiten zuten aurrera. Politika hutseko kontuetatik haratagoko gaietara hedatu zen ohitura hori. (Edozein gaitan, bestalde, han edo hemen kokatzen garelarik, hautu politikoak egiten ari gara). Boterearekiko lerrokatzean gauzak gutxi aldatu diren arren, dinamikak aldatu egin dira. Dena ez da bipolarizazioaren ondorio. Hizkuntza gutxituetako eremuetara etorrita, T. Moringek dioen bezala, ez dago eredu eta politika estandarizaturik.

Telebistaren kontuei beti audientzien irakurketa eginda begiratzen zaie. Dena den, eremu handietako telebistetarako balio badezake ere —balio al dezake?—, hizkuntza gutxituetako komunitateetan, eremuaren azalerarekin lotutako parametroek ezin dute neurtzeko adierazle izan. Zer egin behar dugu, Goliaten kontra jo, aldez aurretik galtzera goazela jakinda? Zer helburu luke horrek, hizkuntza handien botereari zerbitzatzekoa ez bada? Indarrak neurtzeko adierazleak geuretik atera behar ditugu: sistema politikoaren heldutasunetik, kultur sistemaren balioetatik, baita gure ahulune eta mendekotasun mailetatik ere. Geuretik begiratuta atera behar ditugu telebista egiteko ildoak. Eta horrek barne hartzen du zer hizkuntza politika aplikatu behar den (non, zein programatan). Kulturaren erdigunean dago hizkuntza, kulturaren parte dira hedabideak; hizkuntzatik abiatuta birpentsatu behar da telebistagintzako programa oro.

Euskaratik abiatzeak gure kulturaren sustraietara jotzea esan nahi du: gure tradizioan bilatu eta aurkitu behar dugu sena eta izatea. Lertxundik literaturaren eginbiderako esandako hitzak parafraseatuz: ikus-entzunezkoen beste tradizio batzuetan trebatu ginen —gara— eta haietatik edaten dugu —eta edango—. Hori hala da, eta kito. Baina horrek etengabeko joan-etorrietara behartzen gaitu, auzo hizkuntzetatik ikasitakoarekin gurea etengabe elikatzera. Eta, bikoizketaz eta azpidazketaz ziharduelarik, Iñaki Zubizarretak aspaldi esan zuen bezala: «Hizkuntzan, garrantzizkoena hitza da: belarria eta mihia. Azpidatziak ez du hori lantzen. Azpidatzia idatzi hutsa da. Hizkuntzari zeinek zerbitzatzen dion hobeto, ez dago zalantzarik, nire ustez, zeinek laguntzen dion lantzen». Izan ere, hizkuntza lehenik ahozkoa da; ahozkoaren gainean dator idatzizkoa, geroago. Telebista batean, hizkuntza bat ahozko kanaletik atzentzea, alboratzea, erretiratzea, ordezkatzea, ezabatzea eta isiltzea ez dira ekintza inozoak. Eta ondorio neurgaitzak ditu.

Garaiak eta gizartea asko aldatu dira azken 30 urteetan, eta dena birpentsa liteke; gaizki ez aurrera begirako estrategia berriak —edo estrategiak, beste barik— pentsatzea ere. Hamaika gauza pentsa litezke, aitzakiak mila bilatu; bakarra dago kontuan hartu beharrekoa: zer etorkizun nahi dugun gure hizkuntzarentzat, guretzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.