Zentsoreen erasoa El Mundo egunkariak hasi zuen, ene azken liburua, Manual del torturador español, Euskal Herriko hainbat liburutegi publikotan zegoela salatuz. Berehala, PPko parlamentari den Carlos Urquijok liburutegietatik ken zezatela eskatu zuen Eusko Legebiltzarrean. Eta horri buruzko azken berria izan da Basauriko alkatesak, PSE-EEkoa, erretiratu egin duela jada herriko liburutegitik eta Urquijok bere temarekin jarraitzen duela, alkate jeltzaleei eta EAkoei beste horrenbeste egin dezaten galdeginez, eta liburuari buruz astakeria galantak esanez. Ez dio, bada, «ia erakunde terroristaren eskuliburu bat» dela «Estatuko Segurtasun Indarren kontrako atentatuak eta erasoak justifikatzeko!».
Torturaren ukatzaileek biziki maite dute ETAren ustezko eskuliburuez hitz egitea, tortura faltsuak salatzeko eskuliburuak izan, edota, oraingoan bezala, bere atentatuak justifikatzeko. Hori bai, liburua argitaratu zenetik jada urtebete osoa joana bada ere, oraindik ez dute salaketarik jarri haren kontra. Ezta, ene ustez, inoiz jarriko ere, ez baitzaie batere komeni eztabaidatzeabertan diodanari buruz, dena egoki dokumentatua baitago. Horren ordez, argudio faltan, besterik gabe deskalifikatzeari ekin diote, batere oinarririk gabeko salaketak eginez: «Libelo bat da», erretiratu egin behar da ETAri «arnasa» eta «hauspoa» ez emateko...
Ene liburuan, goitik behera desmuntatu nuen torturafaltsuak salatzeko eskuliburuaren muntaia hori, erakutsizestatubatuarrei kopiaturiko aitzakia merke bat zela, haiek Abu Ghraib eta Guantanamoko tortura eskandaluei aurre egiteko erabili baitzuten. Eta ez da izan, ezta gutxiagorik ere, estatubatuarrei kopiatu dieten gauza bakarra torturari dagokionez, espainiar torturatzaileek erabiltzen dituzten metodorik garrantzitsuenak CIAren eskuliburu famatuetan azaltzen diren berberak baitira.
Horregatik nioen liburuan ez dela tortura salaketak egiten dituztenen jokaera baizik eta espainiar torturatzaileena eskuliburutan ikasia dena; zehazki, CIAren eskuliburutan. Eta haien konplizeena, berriz, ukatzaileen eskuliburutan, zorrotz jarraitzen baitiote agindu zehatz batzuei: ia tortura salaketa guztiak isildu eta ezkutatzearena, eta zeharo eskandalagarriak direnean ukatzearena erabat, gezurrezkoak direla esanez, Portu eta Sarasolaren kasuan bezala.
Hain zuzen, kasu horretan hainbat kazetari eta politikarik izan zuten jokaerak argi utzi zuen aurrerantzean espainiar agintariek, beti bezala estatubatuarrei jarraiki, tortura ezkutatzeko era guztietako baliabideak erabiltzeaz gain, hura justifikatzeko ere gero eta baliabide gehiago erabiliko zituztela.
Izan ere, aro digital berri honetan, gero eta zailagoa denez torturaren errealitatea guztiz ezkutatzea, estatubatuar agintariek denbora da jada sakonago lantzen hasi zirela beste bitarteko bat betidanik lehenaren osagarri izan dena: gaitz larri horren justifikazioa. Ikusi besterik ez, adibidez, zein maiz eta nola agertzen den tortura estatubatuar serie ekidinezinetan; gehienbat, hain saritu izan den «24 ordu» izenekoan.
Espainiar Estatuari dagokionez, bereziki egunkari digital handietako komentarioetan agertzen da justifikazio hori, eta baita nahiko maiz torturaren apologia ere. Seguru naiz hori dena manipulatua dagoela, eta apologia horren kontra ezertxo ere ez egiteaz gain (gizakiaren kontrako krimena da!), batzuetan argi eta garbi bultzatu ere egiten da, berriki El Mundo-k argitaratu duen Inocencio Arias diplomatikoaren artikulu batekin gertatu bezala: «Torturatuko al zenuke Barça-Madrid partida egunean Camp Nou lehertzear dagoen tipo bat?».
Horren aurrean, egokiena hain gogoratua den Javier Ortiz kazetariak bere Tortura y doble moral-en garatu zituen argudioak zabaltzea da. Oso antzeko hipotesi baten aurrean, zeina dena den ez da inoiz gertatu ezta gertatuko ere, zeharo desberdina den ondorio batetara heldu baitzen: «Tortura itzulerarik gabeko bidaia moral bat da. Ezin gaindi daiteke muga hori salbuespen bat denaren aitzakiarekin... Tortura salbuespen gisa onartzen duen gizarteak torturatzaileen eta haiei agintzen dietenen esku uzten du erabakitzea zein egoera den eta zein ez salbuespenekoa... Horregatik, -berriro diot- kasu bakar batean tortura bermatzea edozeinetan bermatzea bezalaxe da».
Argudio hauek ene liburuan ere jaso nituen, eta laster izango dira Interneten kontsultatu nahi dituen ororen esku, bertan agertzen diren ideia, salaketa, datu eta hausnarketa guztiekin batera, Txalaparta argitaletxeak dohain eskegiko baitu Sarean. Horrela, ene saiakeraren kontrako zentsoreen eraso baldar horrek ez du inolaz ere bere helburua lortuko. Alderantziz, are eskuragarriago izango da hemendik aurrera.
Ea zer egiten duten orain!
Tortura eta zentsura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu