Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzeagatik lau guardia zibili ezarri zaien behin-behineko kondena dela-eta, pentsa zitekeen, urte luzeen ondoren, espainiar Justiziaren jokaera behingoz duina izan dela inkomunikaturikoek jasaten dituzten torturei dagokienez, baina epaia aztertu ondoren ikus daiteke oraingoan ere duintasun horren aztarnarik ez dagoela.
Izan ere, lehen bi orduetan gertaturikoagatik besterik ez baitituzte zigortu. Kalean atxilotu, mendira eraman, bertan torturatu eta Intxaurrondoko kuartelera eraman arteko horretan, lekuko eta froga andana izan ziren, eta epaileek ez dute beste erremediorik izan Portu eta Sarasolak esandakoari erabateko sinesgarritasuna ematea baino. Kuartelera eraman zituztenetik aurrera gertatuari buruz, ordea, inkomunikazioaren eraginez halako frogarik ez zegoenez, ez diete hitz bakar bat sinetsi.
Gainera, hainbeste froga izan eta Portu hiltzear egon zela onartu arren, epaileek atxiloketan parte hartu zuten 15 agenteetatik 11 errugabetu egin dituzte eta gainerakoei zigor arinena ezarri. Eta behin eta berriro azpimarratu dute torturen «helburu bakarra eta azkena» mendekua izan zela. Batere argudiatzen ez duten baieztapena eta ez datorrena bat ez prozeduran esaten denarekin, ezta epaiketan gertatuarekin ere, agenteek ukatu egin baitzuten erabat inolako tratu txarrik eman izana atxilotuei.
Horrek izugarri poztu du Guardia Zibila, epaiak baztertu egin duelako torturaren helburua informazioa lortzea izan zitekeenik, eta «ez du inolaz ere zalantzan jartzen borroka antiterrorista». Zorionekoa iruditu zaio, era berean, «epaiak esatea atxiloketaren ondoren gehiegizko bortxa erabili zutela parte harturiko agenteek, baina ez zela halakorik gertatu inkomunikazio garaian, ezta ikerketaz arduratu ziren agenteen aldetik ere». Ez da batere harritzeko hainbeste poztu izana, epaiak ontzat ematen baitu tortura salaketa gehien-gehienak faltsuak direla. Torturatzaileek eta haien konplizeek etengabe errepikatzen duten leloa, hain zuzen.
Hori ontzat emateko orduan, epaileek ez dute froga bakar bat aipatzen, tortura faltsuak salatzeko etakideek omen dituzten eskuliburuen asmakizun barregarri hori besterik ez, eta aldi berean froga falta jartzen dute aitzakiatzat Mattin Sarasolak bost eguneko inkomunikazio garaian jasandakoei muzin egiteko.
Honek oso argi utzi zuen mendian gertatu zitzaiona ez zela «ezertxo ere izan gero egin zizkiotenekin alderatuz». Izan ere, torturatzen espezializatuak dauden agenteek sinestezineko sufrikarioa eragin baitezakete inongo markarik utzi gabe, eta halaxe jaitsarazi zuten infernuraino bost egun amaiezin haietan, baina epaileek ez diote sinesgarritasunik eman nahi izan haren testigantzari.
Epaiak frogatutzat ematen du, ordea, mendian torturatu zuten bitartean Sarasolari «etengabe ikara eragiten ziotela esanez haiek lehen hogei minutuak besterik ez zirela eta bost egun zituztela berarekin nahi zutena egiteko. Soilik horrela azal daiteke zer-nolako antsietate egoeran heldu zen atxilotua Auzi-Medikuen Klinikara lehen azterketa egitera». Eta baita beste hau ere: «Derrigortua zegoen, mehatxatua, gehienbat anaia atxilotuko zuten mehatxuarekin. Horregatik adierazi zien, lehenik Donostiako Auzi-Medikuari eta ondoren Madrilgo Auzi-Medikuari, zituen lesioak ihes saioan izandako borrokan eragindakoak zirela. Hau zen guardia zibilak agindu ziotena esateko».
Eta hori dena frogatutzat eman ondoren (bost egun auzi-medikuei torturatzaileek agintzen zizkioten gezurrak kontatzen!), ez soilik ebazten dute ezin dela frogatu bost egun horietan legez kanpoko ezer gertatu zenik, baizik eta Auzitegi Nazionaleko epaileei aurpegia ateratzen diete, nahiz eta haiek ebatzi izan ez Portu ez Sarasolak jasan zituztela inongo tortura edo tratu txarrik. Gainera, bigarrenak egindako aitorpen zehatz-mehatzak ezinbesteko froga gisa erabili zituzten biei izugarrizko kondena ezartzeko, argudiatuz askatasun osoz egindako adierazpenak izan zirela, eta ez inolaz ere mehatxupean.
Nabarmena da nola lortzen diren halako aitorpenak. Are gehiago kontuan hartuz frantziar Estatuan atxilotzen dituztenean inkomunikaturiko euskal militanteek uko egiten diotela deklaratzeari eta, aldiz, sekulako aitorpenak egiten dituztela espainiarrean. Denek dakite hori, baina aldi berean espainiar Estatuan gehiengoak nahiago du ez jakinarena egin; tartean Aginte Judiziala, zeinak azken hamarkadetan uko egin dion sistematikoki ulertezina den zerbait argitzeari: nola ulertu halako militante zailduak hain aitorpen zehatz-mehatzak egitea, kasu asko eta askotan —Mattin Sarasolarenean, adibidez— inongo heldulekurik ez badute frogetan eta espetxe-zigor ikaragarriak badakartzate?
Horrela, 1986az geroztik, bi mila inkomunikatuk baino gehiagok salatu dituzte torturak, baina soilik horietako kasu batean, Kepa Urrarenean, 1992an, jaso dute torturatzaileek behin betiko zigorra, eta orduan ere epaileek frogatutzat eman zuten gauza bakarra mendian gertaturikoa izan zen. Kasu hartan, Auzitegi Gorenak urte bakarrera jaitsi zuen Bizkaiko Auzitegiak ezarritako lau urteko zigorra, eta Gobernuak berehala eman zien indultua torturatzaile haiei.
Zer gertatuko da oraingoan? Behin-behinean kondenatu berri dituzten horietako norbaitek zapalduko al du noizbait kartzela? Ez, jakina, eta, gainera, segurutzat jo dezakegu, horren ordez, mailaz igo, dominak eman edota ardurazko postuetan jarriko dituztela, kondenaturiko torturatzaile gehienekin egin duten bezala.
Denbora izango da lekuko.
Torturatzaileen inpunitatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu