Txetxenia, historian blokeatutako gatazka
Errebelde talde batek Grozniko Parlamentuari eraso egin zion atzo, eta, erasotzaileak bertan hil ziren arren, atentatuak bi mezu argi utzi ditu. Alde batetik, historikoki egin dituen ekintza militar ikusgarriengatik ezaguna den txetxeniar erresistentziaren indar erakustaldia da. Beste alde batetik, Ramzan Kadyrov-ek zuzentzen duen agintearen ahuldadearen erakusgarri ere bada atzoko atentatua. Kadyrov bera da kate hori loturik mantentzen duen maila bakarra. Ezinezkoa da Kadyrov erditik kenduz gero irekiko litzatekeen agertokia aurreikustea. Nolanahi ere, ziur asko faltsua den segurtasun irudia apurtzeko duen gaitasun militarraz harago, txetxeniar erresistentziaren egoera gaur egun ez da bereziki osasuntsua. Arrazoia argia da: aurreko hamarkadetan jasan zuten genozidioaren ondorioak pairatzen ari dira oraindik, galdutako belaunaldiaren hutsuneari buelta eman ezinik. Izan ere, Txetxenian errusiar belatzek belaunaldien arteko transmisio politikoa etetea lortu zuten. Zentzu horretan, Grozniko Gobernuaren lehendabiziko erreakzioa Londresen asiloa duen Akhmed Zakayev-en aurkakoa izatea esanguratsua da, aurreko gudetan txetxeniar erresistentziaren buru izan zenaren aurka, alegia. Historian blokeatuta dagoen gatazka izanik, historia horretan ere topa daiteke irtenbidea, ziur asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu