Urtarrilaren 27ko greba orokorrak beste behin erakutsi du langile klaseak eta gazteriak duten borondatea kalera eta borrokara ateratzeko. Hala ere, egun berean, CCOO eta UGTko agintariek akordioa sinatu zuten PSOEren gobernuarekin eta enpresariekin. Horrela, langile klaseak azken hamarkadetan izandako eraso handiena jaso du. Asteetako negoziaketa iruzurraren ondoren, CCOO eta UGTko agintariek ontzat jo dute langile mugimenduan atzerakada ikaragarri bat suposatzen duen pentsioen kontraerreforma. Bankarien eta enpresarien interesetara makurtuta dagoen PSOEren gobernuari babesa emanez, CCOO eta UGTko agintariak jarraitzen ari diren bideak eraso berriak etortzea errazten du. Sindikatu hauetako agintariak desmobilizazioaren politika bultzatzen ari dira langile klasearen, gazteriaren eta pentsionisten aurka. Nola da posible dagoen langabetu kopuruarekin behatzik ere ez mugitzea erreforma honen aurka?
Langile klasearen eskubideak borrokarekin eta sakrifizio handiekin lortu dira soilik. Hau da langile mugimenduaren esperientzia. Beren eskubideak eta lorpenak defendatzeko langileek duten borondatea erabat baieztatuta dago. Hori ikusi dugu urtarrilaren 27ko Galiziako eta Euskal Herriko greba orokorretan, Ipar Euskal Herrian eta Estatu frantziarrean, Grezian, Portugalen eta orain herri arabiarretako iraultza zoragarrietan. Hego Euskal Herria kenduta, irailaren 29ko greba orokorrak ere jarraipen handia izan zuen Galizian, Katalunian eta Estatu espainiarrean. Baina CCOO eta UGTko agintariek kapitalismoaren logika onartu dute, eta mobilizazioak eta langileen borrokarako konfiantza bultzatu beharrean PSOEren gobernuaren eta patronalaren erasoak babestea erabaki dute. Ez da beraz harritzekoa sindikatu hauetako delegatu eta afiliatu askok politika sindikal honi gogor aurre egitea eta urtarrilaren 27ko grebetan (Galizian eta Hego Euskal Herrian) parte hartu izana. Sindikalista eta langile horiek oso lan garrantzitsua dute egiteke: CCOO eta UGT barruan sindikalgintza borrokalari eta demokratiko bat defendatu eta estrategia sindikala erabat aldatu.
Horregatik, garrantzitsua zen gehiengo sindikalak CCOO eta UGTri U-27ko greban parte hartzeko dei publikoa egitea. Nahiz eta sindikatu bateko agintariak politika okerrena eramaten egon (kasu honetan bezala, edo fabrika batetako gatazkan…) beharrezkoa da ekintza sindikalaren batasuna eta sindikalgintza borrokalaria bultzatzea. Hau beti lortzea ezinezkoa izango da noski, baina funtsezkoa da etengabe bide horretan lan egitea, batasuna eta borroka nahi ez dutenei aitzakiak kenduz. Hori da langile guztien batasuna lortzeko eta estrategia sindikal desmobilizatzaileei aurre egiteko modua. Langile klaseak eta gazteriak ditugun erasoen larritasunak erakusten du jarraitu beharreko bidea Ipar Euskal Herriko eta Estatu frantziarreko sindikatuek hasitakoa dela, hau da, ekintza sindikalaren batasunarena. Burgesia elkartuta mantentzen bada langile mugimenduaren aurka, langileok ere beharrezkoa dugu gure indarrak elkartzea. Ekintza sindikalaren batasuna beharrezkoa da; langileen zatiketaz onuratzen diren bakarrak bankariak eta enpresariak dira. Beste batzuetan esan dugun bezala, borroka bateratuak ez du esan nahi sindikatu batek bere errebindikazioak alde batera utzi edo gainontzeko sindikatuak kritikatzeari utzi behar dionik; guztiz aurkakoa, hori posible da eta beharrezkoa gainera. Burgesia espainiarraren eta euskal herritarraren eraso bateratuen aurrean, beharrezkoa da langile mugimendua elkartuko duen politika defentsibo bat. Batasun hau posible da iragan den urtean zehar ELA, LAB, UGT eta CCOOk antolatutako mobilizazio bateratuetan frogatu den bezala. Azken adibidea lau sindikatuek igandeetan eta jai egunetan komertzioak irekitzearen aurka abenduaren 19an Bilbon antolatutako manifestazioa izan zen.
Ekintza sindikalaren batasunarekin eta langileek borrokarako duten borondatearekin posible da erasoei aurre egitea. Helburu honetan, urtarrilaren 27ko greba orokorraren konbokatoria pauso garrantzitsu bat izan dela uste dugu. Baina urtarrilaren 27ko greba orokorrak jarraipena izan behar du, langile klasearen antolakuntza maila eta kontzientzia igoko dituen goranzko borroka prozesu batekin. E-29ko eta I-29ko greben ondoren gauza bat bistakoa da: bi greba orokorrekin lan erreforma ez bazen geratu, beharrezkoa da kapa berriak mobilizaziora erantsiko dituen eta sendotasun gehiago emateko denboran zabalduko den estrategia. Burgesiaren planak geratzeko beharrezkoa da ekintza plan erabateko bat, eta orain agintari sindikalek plan horretan 48 orduko greba orokor berri baten konbokatoria sartu behar lukete gure ustez.
Langile klaseak mobilizazioan oinarritutako sindikalgintza behar du, borrokalaria eta demokratikoa, eta kontraerreformen eta erasoen aurkako borroka sozialismoaren aldekoarekin lotuko duena.
U-27aren ondoren, jarraitu egin behar du borrokak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu