Unibertsitate eredua eraldatzeko

Aroa Arana eta Estitxu Ezpeleta
2023ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Amaitu da ikasturtea Euskal Herriko unibertsitate publiko zein pribatuetan. Ikasleok, gehiegizko matrikula, alokairu eta ikasmaterialak ordaindu behar izan ditugu beste urte batez. Gradu eta masterrak gazteleraz jaso, eduki androzentrista nabarmenarekin gainera. Gasteizko Euneiz unibertsitate pribatu berriaren lehen ikasturteak ere aipamen berezia merezi du, unibertsitate-sistema nabarmen elitizatu baitu. Honen guztiaren aurrean ez gara zerura begira geratu.

Gehiago Merezi Dugu dinamika abiatu genuen ikasturte hasieran. Ernaiko kideok, unibertsitate tasak zein matrikulaz gaindiko kostuak murrizteko beharra azaleratu, ikasketa prozesu duinak aldarrikatu eta hezkuntza erreformei ateak ixteko prest gaudela erakutsi genuen. Finean, egun ikasleoi eskaintzen zaiguna baino askoz gehiago merezi dugula jarri nahi izan genuen mahai gainean. Norabide horretan, azaroan, Hego Euskal Herriko campus guztietan ikasle jardunaldiak egin genituen, eta abenduan, LOSU unibertsitateetako lege berriaren izaera salatu genuen.

Bigarren lauhilekoari begira, ezin aipatu gabe utzi Ikasle Mugimenduak egindako lana eta honi esker emandako aurrerapausoak. Zinez pozgarriak dira guretzat, hezkuntza euskaldunaren alde unibertsitateetako Euskara Taldeek aktibatutako borroka eta sinergiak, baita, horren adierazle, M-23an egindako manifestazio jendetsuak ere. Unibertsitate feminista baten alde borrokan dabiltzan Neska* Ikasle taldeak ere aipatu nahiko genituzke, baita A-25aren eta M-8aren bueltan egindako lanketak eta jardunaldiak ere.

Badakigu erronka ez dela erraza, unibertsitatea pribatizatu eta merkantilizatu nahi duten aurkari indartsuen aurrean gabiltzala borrokan. Hala ere, argi erakutsi dugu unibertsitate eredua eraldatzeko, antolatzeko eta borrokatzeko indarra dugula. Beraz, uda hausnartzen jarraitu eta indarrak batzeko baliatuko dugu Ernaiko kideok. Hurrengo ikasturtean gogor ekiteko. Burujabea, nazionala, publikoa eta komunitarioa izango den unibertsitatea lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.