Urratsak

2010eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Urteko azken artikulua dut. Joan den astetik apur bat hobeto, haizea ere preso hartu gura zuen epaileak. Epaile deitzen diogu, justizia barik Getxoko hilketa baten mendeku grinak torturatzera bultzatzen duen Torquemada berriari. Ez zuen Haizea gatibatu, baina beste sei euskal gazteri argi utzi bai, zer dakarkigun Espainiak. Urratsa hilaren zortzian emango dugu Bilbon, datorren urtean beharrizanik ez egoteko esperantzan.

Argi utziko dugu ez daukagula hor egoterik. Hor, Espainian bagaude, ez gara gehiago izango, edo izango bagara, ez daukagu Espainian egoterik. «Independentzia ez da apeta hutsa», esan izan diet atzerriko hainbat laguni, «areago, badakigu horrek berez ez duela dena konponduko. Beharbada, Danimarka edo Suedia balira gure estatuak, egingo genuke akordioren bat elkarbizitzarako. Baina Espainia egokitu zaigu zapaltzaile, eta hor ez dago zereginik». Feroek badauka selekzioa, eta ez gara futbolaz ari.

Azken 365 egunetan gertatu dena ez zen sumatzeko erraz duela urtebete. Berlingoaz oroitzen naiz askotan: ordu gutxian Harresia irekita zegoen, eta hamaika hilabetean Alemania bakarra. Edo Georgiakoa: independentistek bost urteko prozesua iragartzen zuten Sobietar Batasunetik bereizi eta estatu propioa izateko. Baina hil gutxiren buruan Sobietar Batasunik ez, eta estatua independentea zela ikusi zuten. Gurea ere bizkor doa, batzuek sumatzen ez duten abiadan. Eta berehalakoan jabetuko gara, erori direla garai bateko harresiak, iraganean geratu direla gauza batzuk. Eta independentziara goazela, ez futbol partidak jokatzeko soilik. Espainol izatea garestiegi ateratzen zaigulako. Urtarrilaren 27an aldarrikatuko dugu hori ere.

Urteko azken artikuluan, eskerrik beroenak datorren astean urratsa emango dutenei, eta azken hilabeteotan eman dutenei. Etsipenetik ilusiora eraman gaituzten guztiei, Logroñotik azken ezkutalekuraino. Orain denok urratsa emateko ordua da, eta ematen ez duena atzean geratuko da. Maite zaituztegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.