Urriaren 30ean, denok Donostiara!

Xabier Makazaga 'Manual del torturador español' liburuaren egilea
2010eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Zeharo nabarmena da espainiar Estatuan torturaren errealitate gordina ezkutatzen duen isiltasun harresi hertsi bat dagoela. Oso eraginkorra eta pitzatzen benetan zaila den harresia, agintariek komunikabide handi guztien erabateko konplizitatea baitute.

Tortura salaketa gehientsuenak hala isilarazten dituzte erabat, eta kasuak zeharo eskandalagarriak direnean, hala nola Portu eta Sarasolarena, dena ukatzeari ekiten diote Theo van Boven NBEko Torturaren Gaietarako Kontalari Bereziak hain egoki salatu zuen moduan. Izan ere, espainiar agintarien jarrera eta Videla argentinar diktadorearena parekatu baitzituen Van Bovenek, biak maila berean jarriaz tortura bazela ukatzeko erakusten zuten temarengatik.

Amnesty Internationalek ere oso egoki salatu zuen duela urtebete aurkezturiko txosten batean, Espainia: itzalpetik irten. Bada garaia atxiloketa inkomunikatuekin amaitzeko, zer ezkutatzen den espainiar Estatuan aplikatu ohi den inkomunikazio erregimen zorrotzaren atzean. Bertan baitzioen «ez dago[ela] Europar Batasunean beste herrialderik non indarrean mantentzen den atxilotuen eskubideak hain gogor murrizten dituen atxilotze erregimenik» eta espainiar agintariek arlo horretan daramaten jokabideak urratu egiten dituela atxilotuen eskubideak bermatzen saiatzen diren nazioarteko zazpi paktu, hitzarmen eta arau. Begi bistan utzi zuen, halaber, urteetan zehar atxilotuen eskubide guzti-guztiak irensten dituen «zulo beltz» antzeko inkomunikazio erregimen bat garatu dutela, indar polizialei erabateko askatasuna eta inpunitatea emateko, eta, horrenbestez, neurri hori bertan behera uzteko galdegin zuen.

Beste horrenbeste eskatu izan dute behin eta berriro NBEko eta Europar Kontseiluko hainbat erakunde entzutetsuk, azpimarratuz inkomunikazioak torturatu ahal izatea errazten duten baldintzak sortzen dituela, eremu opaku bat sortzen baitu zeinaren ondorioz ezinezko izaten den frogatzea polizia etxeetan egiaz gertatzen dena.

Halako kasuetan, beraz, ezin eska dakioke inolaz ere biktimei sufritutakoaren frogak eman ditzaten. Agintariak dira, inkomunikazioa ezartzen duten unetik, azalpenak eman behar dituztenak eta torturarik ez dela izan frogatu behar dutenak. Hala azpimarratu berri du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Mikel San Argimiroren tortura salaketa ez ikertzeagatik espainiar Estatua kondenatu duen epaian: «Inkomunikaturiko pertsonen kasuetan [...] egiaz komeni da kontuan hartzea agintariei dagokiela frogatzea torturarik ez dela izan, behar bezalako azalpen sinesgarri bat emanez».

Haiei dagokie esplikatzea zergatik frantziar estatuan atxiloturiko euskal militanteek polizia etxeetan deklaratzeari uko egiten dioten bitartean, espainiarrean atzemandakoek haien buruaren kontrako sekulako aitorpenak egiten dituzten. Gehienetan inolako frogetan oinarritzen ez diren eta hainbeste urtetako kartzela zigorrak ekartzen dizkieten aitorpenak egin ere.

Adibidez, berriki gertaturiko Xabier Atristain eta Juan Carlos Besanceren kasuan, esplika bezate, behar bezala eta modu sinesgarrian, zer dela eta, «Guardia Zibilak hala eskatuta, Atistrainek armak eta lehergailuak gordeak zituzten zulotako krokisak egin zituen». Inolaz ere ez baitzituzten zuloak topatuko hain ulertezina den «laguntza» horregatik izan ez balitz. Are gehiago, kontuan hartuz bost hilabete lehenago, frantziar agintariek zuzenean espainiar epaile baten esku jarri zutenean, Auzitegi Nazionalean dena ukatu eta bere kontrako frogarik ez zegoenez, aske utzi behar izan zutela.

Espainiar komunikabideek ere badute, bai, zer esplikatu kasu horri buruz. Besteak beste, zergatik jardun ziren hain lotsagabe gezurretan, esanez atxilotuek berretsi egin zituztela haien aitorpenak epailearen aurrean. Edota zergatik ez zitzaien batere harrigarria egin Besancek «modu askean» hamar urte lehenago gertaturiko zenbait atentatutan parte hartu izana aitortzea, parte-hartze horretaz inolako frogarik ez zegoenean.

Tortura salaketak ezkutatzen hainbesteko ahalegina egiten duten komunikabide handi horiek askotan azpimarratu izan dute etakideek uko egiten diotela deklaratzeari Frantzian. Halaber, pozik agertzen dira Espainian dena aitortu eta «zehatz-mehatz» kontatu ohi dutelako, baina badaezpada inoiz ez dute azpimarratzen horri buruz bi Estatuen artean dagoen alde itzela. Ezin nabarmenagoa baita hortik ateratzen den ondorioa: aitorpenak, askotan gezurrezkoak, tortura bidez erausiak direla espainiar Estatuan. Horren ordez, bertsio ofizial oro bermatzen dute, horrela torturatzaileekiko erabateko konplizitatea erakutsiz.

Konplizitate hori agerian geratu ohi da oso larria den beste zerbait isiltzen dutenean: torturatzaile kondenatuak gerora behin eta berriro indultatu, kondekoratu, mailaz igo, eta garrantzia ukaezina duten postuetan jartzen dituztela. Gainera, hori erabat kontrajarria dago betiko bertsio ofizial ukatzailearekin, zeinaren arabera agintariek ez zuten inolaz ere zer ikustekorik izan torturatzaile horiek egindakoarekin. GALekoen gerra zikinari buruz eman ohi duten bertsio berbera.

Horregatik da hain garrantzitsua jarrera ukatzaile nabari hau nazioarteko erakundeen aurrean salatzea, bide batez eskatuz Egiaren Batzorde bat martxan jar dadin gatazkaren hamarkada hauetan gertaturiko guztia argitzeko, parte batek beti bere erantzukizunak onartu dituen bitartean, besteak gezurrean eta ukazioan oinarritzen baitu bere Estatu estrategia guztia, bereziki torturari dagokionez, eta berdin jarraituko du jokatzen hori eragozteko neurri eraginkorrak hartzen ez diren bitartean.

Horregatik da hain garrantzitsua urriaren 30ean torturaren aurka Donostian egingo den manifestazioa ahalik eta jendetsuena izatea. Torturatzaileen konplize oro haien lekuan jartzeko ez ezik, Euskal Herrian torturari dagokionez ematen den errealitate gordina ezkutatzeko jaso duten isiltasun harresi hori apurtzen laguntzeko ere, eta, aldi berean, torturatzaile horien atzaparretatik babestuko gaituen elkartasun eta konpromiso harresi sendo bat eraikitzen jarraitzeko.

Urriaren 30ean, denok Donostiara!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.