'Zabalza auzia'

2010eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Gaur, gure osaba Miguel Mariren (Mikel Zabalza) atxiloketa, tortura eta erailketak 25 urte bete ditu. Gertatutakoa ongi ezagutzen bada ere, 25 urteotan justiziak ez du bete bere betebeharra. Nola liteke 25 urte pasa ondoren errudunak epailearen aurretik pasa gabe jarraitzea? Gure kasuak aurrera egitea edo ez partidu politikoen hauteskunde interesen esku al dago? Bere garaian, PSOE GALekin astintzeko beharra zegoenean, El Mundo egunkariak (eta, beraz, PPk) kasu honen inguruko bere ikerketa eta argitarapenak behin eta berriro ateratzen zituen. Kasua berriz ere ireki egin zen. Bi gizonen arteko elkarrizketa bat argitaratzera iritsi zen, eta elkarrizketa horretan batak besteari Mikel Intxaurrodon hil zela aitortu zion. Froga hori gutxietsi egin zen, eta berriz ere itxi zuten kasua. Jada ez dakigu zenbatetan bizi behar izan dugun kasuaren irekiera edo itxiera. Mikelen anai-arrebek errudunak epaile baten aurrean ikusiko dituzte? Beren anaia zaharrena torturaren ondorioz eraila izan zelako aitorpen publikoa entzungo al dute? Argi dagoena zera da: haren aita eta haren ama hau guztia ikusi eta entzun gabe joan zirela mundu honetatik; baina mina eginda zegoen: haien semea hilda zegoen eta haren izanaren inguruan hamaika gezur esanak zeuden.

Duela 25 urte haurrak ginen. Gure gurasoek sufritzen zuten bitartean erdizkako egia batnahikoa zen gure fantasiazko jokoetan jarraitzeko. Baina lehen balio zuenak gaur ez du balio, gehienbat gertatutakoaren egia jakinda. Honengatik, gaur inoiz baino gehiago gure gurasoak maite eta haiekin bat egiten dugu.

Mikel Zabalzaren iloben izenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.