Pasa den abenduan egundoko sustoa hartu nuen. Maiz hartzen ditut sustoak Euskal Herri honetan gertatzen diren gauza arraroekin, baina abendukoak dardarez utzi ninduen, uneren batean ni ohartu gabe abduzitua izan ote naizen susmopean erabat, «ni non bizi naiz?», «nor naiz?» galdezka neure buruari. Ni Pako Aristi al naiz, idazlea, kazetaria, kultur gizona, literatur tailerretako irakaslea, ala artzain bat naiz ardiak belarra jaten dauden bitartean sekulako ameskeriak sortzen dituena, idazle garrantzitsua dela sinesteraino? Ni Euskal Herrian bizi naiz, edo Soviet Batasun ohiaren orbitako errepublikaren batean?
Abenduaren egun horretan, 14an, argazki handi bat etorri zen egunkarietan. Guggenheimeko eskaileretan 43 gizon-emakume goren ageri ziren, horrela, «goren» hitzarekin deskribaturik kazetarien esanetan. Kulturaren Euskal Kontseiluaren aurkezpena zen, eta gizon-emakume goren hauek aholkuak emango omen dizkiote «Lopez Kabineteari», eta «Exekutiboak» kultur arloan jarraituko dituen ildoak zehaztu. «Euskara asko» hitz egin omen zen ekitaldian. Holakoak irakurtzen ditudanean pentsatzen dut: Zein gutxi hitz egingo zuten, nabarmendu beharra zeukatela miseria disimulatzeko.
43 gizon-emakume goren horietatik zazpi baino ez nituen ezagutu argazkian: birekin konfiantza apurtxo bat badut, besteak bistaz. Ni gizon instruitua naiz ba, pentsatu nuen, irakurtzen ditut lau egunkari egunean, hiru liburu hilean, ikusten ditut erakusketa batzuk, entzuten dut hitzaldiren bat, kontzertuetara joaten naiz… Nire kultur maila altua dela esango nuke, batez bestekotik oso goian dagoena; nola da posible, pentsatu nuen goiz hartan, nik ez ezagutzea kultur ordezkaririk gorenak, puntakoenak, nire erreferenteak behar luketenak?
Konparazionera, hori da oso futbolzalea den bat San Mamesera joatea, Athletic-Barça ikustera, eta zelairatzen diren jokalarietatik bi soilik ezagutzea; besteak tutik ere ez zeintzuk diren. Egunez nahastu naiz, pentsatuko luke, edo buruan tumore bat daukala. Zale hori ez al litzateke joango berehala partida utzi eta larrialdietara?
Ni horrela sentitzen naiz gisako gauzak gertatzen direnean Euskal Herrian, denbora-espazioaren alterazio batean murgildu banintz bezala. Izan ere, euskaldun bezala oso gogorra da sentitzea Euskal Herria ez dela zure herria, kanpo hizkuntza batek jan digula lekua, boterea, garuna, patrika, irudia, ispilua eta erreferenteen mundua, espaziorik gabe geratzen ari garela euskal sortzaileok hedabideetan, botere-guneetan, kanpo promozioetan, gehigarrietan, Gabon agurretan eta bururatzen zaizuen guztietan.
Hemen zabaldu den ideia faltsu bat irentsi dugulako sortzen dira askotan egoera paranoideak: bi hizkuntza daude, bi kultura, baina elkarrekin nahastuta elkarbizi dira, arazorik gabe. Duela gutxi izan da gurean Justin Harman, Irlandak Madrilen duen enbaxadorea, eta esan du gure gizartea ez dagoela zatitua, Irlandan gertatzen zen bezala. Ez dago auzoetan zatituta, ez katoliko-protestante binomioan, baina badago hizkuntzarenean zatitua, oso bortizki gainera, baina horren kontzientzia handirik ez dago jende gehienengan, gainditutzat ematen den zerbait da, eta hori bera okerragoa da: gainditu gabe baitago, eta, aitzitik, arrakala, ebakia, urradura gero eta sakonagoa da bi hizkuntzen artean, eta hizkuntza bakoitzari babesa ematen dioten hedabide eta botere-guneen artean.
Globalizazioarekin munduan gertatu den bezala, non aberatsak gero eta aberatsago egin diren eta txiroak txiroago, Euskal Herrian ere erdal hiztunak gero eta ugariagoak dira, eta euskaldunak gero eta gutxiago, eta erdaldunak oso pozik daude banaketa horrekin, beren aldeko egoera dutelako; ez dute kezkarik eta interesik leize hori ezabatzeko.
Petra Elserrek ederki agertzen zuen auzi hau Argia-ko elkarrizketa batean. Bera alemaniarra da, euskara ikasi du eta hemen bizi da: «Arraroa egiten zait jendea hemen euskararik gabe bizi ahal izatea. Gainera, hemen, erdaraz ala euskaraz bizi, bi mundu bereizten dira, eta nire erreferentziak euskaldunen munduan daudenez, arrotz sentitzen naiz Euskal Herriko erdaldunen artean, ez dut jakiten non nagoen: ez ditugu egunkari berdinak irakurtzen, ez ditugu telebista saio berdinak ikusten, ez ditugu liburu berdinak irakurtzen, ez gara ekitaldi berdinetara joaten».
Gogoan dut 2009ko abenduaren 13a. Bertso Txapelketa nagusia ospatzen ari zen bitartean ETBko kamerino batean nengoen. Nire ondoan ETB2ko tertuliakide batzuk, bat ezik erdaldunak denak. Bertsolariei buruz ari ziren hitz egiten inoiz bertsolariei buruz hitz egiten inori entzun ez diodan modu anker batean. Kritika bat egin nien brometan, umore zipriztinez. «Â¿Este quién es?», galdetu zuen batek taldean, nik entzuteko moduan. Ez zion inork erantzun. Gutxira alde egin nuenean erantzungo zion euskaldunak ziurrenik.
Pentsatu nuen: Ez duzu ezagutzen Rikardo Arregi, euskal Pulitzerra bi alditan irabazi duen gizona, bere liburuen edizioak biderkatzen dituena, Espainiako Kritika saria irabazi duena, zientoka eszenariotara igo dena eta euskal unibertsoa, bere bizitzeko era askearen poderioz, leiendaz bete duena, egia edo gezur diren jakiten ez dugun horiez?
Esan nion nirekin zegoen euskal idazleari: gure historiak ez dauka erremediorik hau konpontzen ez badugu. Bi herri gaude batean sartuta, bi hizkuntza, bi kultura, eta egurra emango digute alde guztietatik, gure gizartea zatituta dagoelako linguistikoki. Eta urratu hori sakonagoa da erlijioen artekoa baino, ideologiena baino, arimaren muineraino iristen delako. Arimaren baitan ez baitago jainkorik, liderrik eta gururik, hizkuntza baizik, umetan ikasi zenuen hura, maitasuna adierazteko erabili zenuena, gizartean leku bat aurkitzen lagundu zizuna.
Idazlea. Pako Aristi
Zeintzuk dira argazkiko horiek?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu