Zezenak unibertsitatean?

Luisa Vallejo Pascual, Elena Fraile Pernaute, Xabier Barber del Rio eta Mikel Azkona Huercanos
2022ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
«Toreatzeko zezenak akupuntura moduko bat jasaten du». Esaldi hori bota zuen Julio Fernandez Sanz albaitariak joan den urtarrilaren 27ko hitzaldian, Avatma Tauromakiaren eta Animalien Kontrako Tratu Txarren Abolizioaren Aldeko Albaitarien Elkarteak argitaratu duenez. Ildo berean, otsailaren 18an Zezen suharrak mina gainditzen du izenburuko hitzaldia eman zuen aipatutako hizlariak Iruñean, Toreaketa-abereak eta tauromakia izeneko XII. jardunaldian, Nekazaritza Ingeniaritza eta Biozientzietako Goi Eskola Teknikoak (Etsiab) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatuta.

Egitarauan leku zabalagoa izan du tauromakiak abeltzaintzak baino, eta deigarria da zezenketen aldeko joera nabarmena, hitzaldien eta mahai-inguruen gaiengatik zein hizlariengatik.

Jardunaldiak ez luke horrenbeste harrituko zezen-elkarteren batean edo horretarako alokatutako areto batean egin izan balitz, baina ez da horrela; izan ere, unibertsitate publiko batean antolatu da. Ez dirudi tokirik egokiena maila teorikoan eztabaidagarria den eta, hainbat ikerketak eta inkestak erakusten duten moduan, praktikan gero eta baztertuagoa den gai horren aldeko proselitismoa egiteko.

Unibertsitateak, gure ustez, eztabaida sustatu beharko luke, eta ez doktrinatu, oro har eta gai honetan ere bai. Goian aipatutako hitzaldiaren izenburua orain arte esandakoaren adibide argia da, «zezen suharrak mina gainditzen du» baieztapena hizlariaren iritzi eztabaidagarria besterik ez baita. Izan ere, ikerketa eta autore gehienek kontrakoa diote: zezenak sufritzen du, ez gutxi, toreatzeak eragindako torturan, baita aurretik ere, jasandako tratamenduengatik eta dehesatik egindako bidaian. Eztenkadak jasotzen hasi eta azken arnasa arte, zezenaren irudiak (nekez jasan daitekeen ikuskizun erabat arbuiagarria) ez du adierazten, inolaz ere, animalia «mina gainditzen» ari dela, muturreko sufrimendua jasaten ari dela baizik. Beraz, esparru publiko eta unibertsitario batean, askoz egokiagoa zatekeen erabat aldenduta dauden jarrerak elkartzea, publikoak bakoitzaren ekarpenak entzun eta ondorioak atera zitzan. Kasu horretan, Avatmako albaitariak, adibidez, parte hartzeko prest egonen ziratekeen.

Antolatutako mahai-inguruaren izenburuak ere badu mamia: Gazteek gustuko dute tauromakia. Erabateko baieztapenak ederki azaltzen du nondik nora bideratu den gaia. Duela gutxiko argitalpenek, eta ez hain berriek, ordea, kontrakoa adierazten dute argi eta garbi: gero eta gehiago dira zezenketak arbuiatzen dituzten herritarrak, gazteen adin-tartean batez ere. Esaterako, BBVA fundazioak urtarrilean argitaratutako ikerketak jaso du Espainiako Estatuko biztanleen %80 baino gehiago animaliak ikuskizunetan erabiltzearen kontra daudela, zezenketetan esaterako. Aipatutako mahai-inguruan gaiari buruzko ikuspegi historikoa eta gaur-gaurkoa eskaintzen duen Pan y toros liburuaren egile Juan Ignacio Codina gonbida zitekeen, edo Jose Enrique Zaldivar, Bruselako Parlamentuan, Espainiako Kongresuan eta Kataluniako Parlamentuan gaiarekin lotutako hainbat ekitalditan parte hartu duen albaitaria. Horrela posiblea zatekeen espiritu unibertsitarioa berreskuratzea (kritikohitzaren zentzu zabalean: eztabaidak eta galderak azalarazten dituena). Halaber, beharrezkoa zatekeen mahai-inguruaren izenburuari galdera ikurra gehitzea: Gazteek gustuko dute tauromakia?, galdera baita gaiaren errealitatearekin eta antolatzailearen izaerarekin bat egiten duena.

Aurkezpen ofizialak berak erakutsi nahi izan du zezenketen ustezko gorako joera. Datuek, ordea, beherakada nabarmena dela adierazten dute: Kultura eta Kirol Ministerioaren estatistika iturrien arabera, 2007. eta 2019. urteen artean zezenketak %64 murriztu ziren. Pan y toros liburuko hitzaurrean, Juan Lopez de Uraldek honela dio: «Tauromakia azken fasean dago; diru publikoari esker soilik eusten dio». Argi dago eztabaida sortzeko aberasgarriagoa zatekeela adituak entzutea, jardunaldiak proposatu duen norabide bakarreko ildoa baino.

Hitz batez, zezenen gaia eztabaida daiteke unibertsitatean, baita publikoan ere, baina jardunaldia antolatzeko aukeratutako formatua ez da egokia izan jakintzaren esparru horretan. Izan ere, hobeki ikasten da askotariko iritziak entzunez eta eztabaidan parte hartuz, alde bakar batekoen ikasgaia jasoz baino. Tamalgarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.