Zigorgabetasunaren katea
Balio handikoa izan da Donostiako Lurralde Auzitegian astelehenetik ostegunera egin den epaiketa. Itzalean eta ezkutuan izaten den errealitate bat plaza erdian jartzeko baliagarria. Epaiketak aukera eman du guardia zibilen bertsioa, Portu eta Sarasolaren testigantza, auzi medikuen lekukotasuna eta iritzia eta bestelako lekukoen hitza entzuteko. Epaiketak aukera eman du zigorgabetasunaren katea ezagutzeko: polizia gorputz osoa dago nahasia; Barne Ministerioaren babesa dute; Estatuaren abokatuaren zerbitzua ere bai; agintean dagoen klase politikoaren isiltasuna edo ulerberatasuna dute alde; salbuespeneko auzitegien nolabaiteko konplizitatea dute. Donostiako epaiketa salbuespena da, auzia bertan epaitu delako, gertaerak Arrasaten izan zirela medio, eta ez Madrilgo polizia etxe batean. Donostiako manifestazio jendetsua baliozkoa izan da zigorgabetasunaren kate hori hauste aldera, egunotan berriro tortura lekukotasunak izan direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu