Gorripideako kidea. Joseba Barriola

Zor publikoaren amarauna

2010eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Hiru epizentro ezagutu dira 2007an eztanda egin zuen krisi finantzario-ekonomikoaren bilakaeran:

a) Lehenengoa, 2007-2008an, herrialde azpigaratuetan: elikaduraren krisia. NDFk eta Munduko Bankuak urteetan ezarritako austeritate politika eta kanpo-zorraren eraginez hedatutako pobreziari gehitu zitzaizkion uzta txarrak, elikaduraren inguruko espekulazio finantzarioa eta (krisi energetiko eta krisi klimatikoaren eraginez) bioerregaien produkzioaren biderketa. 1.000 milioi pertsona gosez munduan, eta gosearen kontrako matxinadak errepikatu ziren hirugarren munduko hiriburu askotan.

b) Bigarren epizentroa, 2008-2009an Estatu Batuetan eta Britainia Handian. Subprime-ren arazoak kutsatua zuen finantza mundu guztia, enpresa handi eta banku eta aseguru etxe handi batzuen hondamena. Lurrikara sumatu zen Walt Streeten. Erreskateak, nazionalizazio kapitalistak. Ekonomia globalizatu osora hedatu zen krisia. Hilabete gutxian, langabeziak ziztu bizian gora egin zuen. Ekonomia moteltzen, gero atzeraldian sartzen, azkenean depresioa zela hasi zen onartzen. Azkar, segituan, Estatu Batuetan soilik 800.000 mila milioi dolar jarri zuen Bushek (Obama ados zelarik) finantzak salbatzeko. Gauza bera egin zuen Britainia Handiak, eta ondoren Europako gobernu guztiek. Bitartean, Copenhagen, gobernuburuek krisi klimatikoaren aurrean ezgaitasun eta eznahitasun kriminala erakutsi zuten.

c) Hirugarren epizentro, Europa izan da. 2010eko maiatzaren 9-10ean NDFak, EBZk eta Europako Ekonomia Kontseiluak egindako bileraren ondoren, gobernu guztiek bira erradikala eman zuten. Krisiari eman nahi izan dioten itxura «zor publikoaren» krisiarena da. Arazo honi erantzuteko austeritate plan latzak hasi dira ezartzen Europako gobernu guztiak. Horren aurrean, langile mugimendua mobilizazio bidean jarri da, eta horren adierazle dira Greziako, Euskal Herriko, Frantziako, Espainiako, Portugaleko... greba orokorrak.

Maiatzaren hasieratik hona, hainbat aldiz bildu dira Europako ekonomiaren gobernatzaileak (presidenteak eta ekonomia ministroak), eta aldiro gauza bera errepikatu dute: Europako hainbat estaturen zor publikoa handiegia eta onartezina da; hondamendiaren atarian daude, eta salbatu behar dira; defizit publikoa murriztea ezinbestekoa da. Europa osoan austeritate gogorra da zentzuzko erantzun bakarra.

Baina nola sortu da eta handitu da zor publikoa? Alde batetik, sarrerak murriztu dira azken hogeita hamar urteetan. Bereziki, zerga sisteman izan den aldaketa neoliberal itzelaren bidez. Enpresei, aberatsei zergak gutxitu zaizkie (edo zerga batzuk kendu, edo zerga portzentajea gutxitu, edo fundazioen bidez saihestu); zerga korrupzioa izugarri handitu da, eta gobernuek ezikusiarena egin dute; zerga lehiakortasuna (zerga gutxien eskatzen den lekuetara eramanez multinazionalen «egoitza fiskala»), edo zerga-saihesteak eta zerga-paradisuak... izan dira zor publikoa handitzearen arrazoi nagusietako batzuk. Multinazionalek eta bankuek ordaindu gabeko zergaz pilatu dituzte dirutza handiak. Bestetik, soldatak behera egin ahala, prekarietatea eta langabezia hedatu ahala, zergetan jasotakoa murriztu egin da.

Gastuei erreparatuz gero, 1980. urteetatik aurrera, etengabea izan da zerbitzu publikoak pribatizatzearen aldeko diskurtso eta praktika. Osasungintzan, hezkuntzan, babes sozialean... zerbitzu publikoen kalitateak eta gastuek behera egin dute. Aldiz, esku pribatuetara joan den diru publikoa handitu egin da; zarrastelkeria eta korrupzioaren neurri gaineko hazkundea izugarria izan da; estatuaren egitura (monarkia, armada, justizia, goi mailako politikariak eta elizaren ordainketa) eta jokamolde militarista eta errepresiboa (NATOren jarduera) hondorik ez duten zuloak dira. Honi erantsi behar zaio krisi finantzario-ekonomikoa hasi zenetik gobernuak leporaino zorretan sartu direla bankuak eta enpresa handiak (autogintza eta etxegintza) salbatzeko. Azken urteetan zor publikoaren hazkundea izugarria izan da. Kapital produktibo eta finantzario handia da zorraren sortzailea, krisiaren erantzulea, diru publikoaren zurgatzailea eta orain zor publikoaren krisiarekin espekulatzen ari dena.

Zor publikoa Grezian, Espainian, Portugalen, Irlandan, Errumanian... handiegia eta jasanezina zela eta herrialde horiek porrot katastrofiko baten atarian zeudelakoan, maiatzaren 8-9an, austeritate plan latzak ezartzea erabaki zuten. Hurrengo egunean Britainia Handiko banku gizon batek esaten zuen: «Errazago salduko dira plan horiek Grezia, Espainia, Portugal... salbatzeko direla esanez, bankuak salbatzeko direla esanez baino». Izan ere, zor publikoaren inguruko kezka hori, funtsean, honetan datza: zor horren hartzekodunak Europako eta Estatu Batuetako banku erraldoiak dira. Herriak salbatzeko aitzakiarekin, ziurtatu nahi dituzte beren interesak. Horrela gurpil gaizto bat ixten da: kapital handia urteetan fiskalitatearen bidez pilatutako eta beraien salbamendurako erantsitako dirutzarekin bihurtu dira estatuen zor publikoen hartzekodunak; eta, orain hartzekodunak direnez, beren interesak bermatzeko exijitzen dute austeritate drastikoa. Eta, tartean, estatu ahulenek ematen duten «konfiantza» mugatua delako, kalifikazio enpresen zirkua aireratuz, estatuen aurkako espekulazioan abiatu dira finantza-erakundeak estatuen obligazioak eskuratzerakoan interes handiagoak eskatuz estatuengandik merkeago jasotako diruagatik.

Zor publikoaren aitzakiarekin, dena da (soldatak, babes sozial mota guztiak, zerbitzu publikoak) eraso gai. Ez gaude neurri okasional eta behin-behineko batzuen aurrean. Plan orokor, gogor eta latz baten aurrean, eta demokraziaren degradazioa eta kontrol teknologiko eta poliziala abian da jada.

Bestelako bideak hartzea posible da. Europako estatuen zor publikoa, «hirugarren munduko» estatu zorra bezala, «onartezina» da, edo «gorrotagarria», edo «ilegitimoa». Zorrari uko egitea zilegi da. Bankuen sozializazioa da behar dena. Bestelako fiskalitatea, lan-banaketa (lan orduak murriztuz), gastu publikoa... posible da. Baina, batez ere, zapalduen elkartasuna, egoeraren ulermena eta eraso-iraina-umiliazioari ekintzaz erantzutea da gure eskuetan dagoena. Lan-erreformaren ondoren, pentsioekin hasteko asmoa daukate. Haserre duina erakutsi beharra dago, mobilizazioak eta berriro ere greba orokorra, hemen, estatuan eta Europa mailan. Oraingoan denok batera eta denok adoretsu behar dugu behetik sortu esperantzaren dinamika. Espero dezagun sindikatuak, borrokaren eremuan kokaturik zatiketa eta desmoralizazioa areagotzeko aparatuak izan beharrean, langilegoa eta zapaldu guztiak borrokan batzeko tresna izan daitezela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.