Vicent Partal.
Enbaxada bila

Autonomia

2013ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Orain dela astebete, inork ez zuen espero Canal 9 telebistaren itxierak berekin ekartzea Valentziako PPren kontrako mugimendu handi bat eta erreakzio zaparrada bat. Eta horixe ekarri du. Bestela ematen bazuen ere, Valentziar Herria, gure Nafarroa, matxinatu egin da bidegabekeria baten kontra, zeina ezin onartuzkoa zen sinbolikoki, nahiz eta ez izan larriena. Ezin onartuzkoa, hain zuzen, gaizki bukatu zelako eta, batez ere, nazio ikuspegitik ez zelako parte onekoa.

Eta horixe da interesgarriena. Egun hauetan, beren hizkuntzaren aldeko aldarria egin dute Valentzian, nik urteetan ikusi gabeko modu batean. Eta ez betikoek bakarrik. Eta elkarrekin ikusi ditugu, harmonia ederrean, esteladak eta blaverak —Iruñean, frankismoaren bukaeran, ikurrinak eta laureadak batera ikustea bezalatsu—. Sekula ikusi gabea genuen hori, eta badirudi beste garai bat datorrela, eta garai berri horretan gaztelarren erasoaren aldean bigarren mailan geratuko dela gure arteko guda.

Fabrak bide arriskutsu bat hartu du. FAESen laguntza du, eta hark ez du ezkutatzen autonomiak ezeztatu nahi dituela. Eta, horregatik, susmatzen da atzera egitea nahi duela, eta autonomia ziztrin bat utzi, edo batere autonomiarik eman ez. Telebista hasiera zen, baina PP harrituta dago, erreakzioa ikusirik.

Eta nik oraintxe aitortu beharra daukat, Martxelo, harri eta zur nagoela. Pentsatzen nuen autonomiaren alde egiteak ezin zuela ezer onik ekarri nazioaren ikuspegitik, baina orain ikusten dut autonomia ofizial kaskar hau defendatzea ere izan daitekeela, batzuentzat, nazioa indartzeko jarrera bat, erradikalismo espainolaren eraso gero eta zuzenekoago horien kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.