Uda beteko (p)lana

Azken tabua

garbine ubeda goikoetxea
2011ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Etxe osoko zoruak garbitzen aritu den emakume ezkondu berria, armairutik egunkari zahar bat hartu, orri batzuk bereizi eta toki estrategikoetan zabaltzen hasi da banaka, sukalderainoko pasabidea ziurtatzearren. Aurrera egin ahala, begietara jo dio lur bustia lehortzeko funtzioan ipinitako notizia batek. Jack Kevorkian sendagile patologoa zenaz mintzo da, «Herio doktorea hil da» izenburupean. Argazki bat ere badakar, suizidatzeko makina omen dena ondoan duela.

Pasadan eta istant txiki batez, egunotan eutanasiaren eztabaida berpiztu duten gertakariak etorri zaizkio gogora. Pikotxean jarrita, 1990eko hamarkadan mundu osoko hedabideetako lehen orriak bete zituen medikuaren biografia irakurtzen hasi da arretaz. Ez du batere makala. Gaixotasun atzeraezinetan harrapatuta zeudenei beren buruaz beste egiten laguntzeko (130 guztira) asmatu zituen aparatuen nondik norakoak azaltzen ditu lehenik eta behin, artikuluak. Batetik, Thanatron edo hiltzeko makina deiturikoa, agindua ematearekin batera, konposatu kimikoak zainetik barrena odoleratuz hiltzen zuena. Bestetik, Mercitron edo miserikordiaren makina, mediku lizentzia —eta ondorioz, konposatu kimikoak lortzeko bidea— galduz geroztik, hiltzeko osagai gisa karbono monoxidoa baliatzen zuena.

Gizonaren eroaldiak aipatzen dira atzetik, etikaren ikuspegitik bederen, heriotza duinaren aldeko aktibisten jardunari batere mesederik egingo ez zioten datuak. Adibidez, kilometroak eta kilometroak egin eta gero, bere auto-karabanan hiltzera heldutako etsituen gorpuak ospitaleetako atarietan edo etxe abandonatuetan nahiz parkeetan uzten zituela botata. Edota, behin, prentsaurreko batean, bere laguntzaz hildako baten giltzurrunak erakutsi zituela, transplanterako onak zirela eta lehendabiziko iristen zenari emango zizkiolaesanez.

Baita AEBko epaile eta fiskalak desafiatzeko nahiz jendaurrean bideoz ilustratuta esplikatzen zituen bere praktikak justifikatzeko, behin eta berriz esandako leloak ere: «Hiltzea ez da krimena», «Mundu honetara etortzen laguntzen aritzen bagara, zergatik ezin dugu mundu honetatik joaten lagundu?».

Jack Kevorkianek, jada zahartzaroan, zortzi urte eman behar izan zituen kartzelan, hiltzeko eskubidea sutsuki defendatu nahi eta hiltzaile izatea leporatu zitzaiolako. Giltzapean okerrena zer izan ote zen galdetu zioten batean, besteen zurrungak aditu beharra aipatu zuen bereziki.

Eta horixe egin du lur garbitzaileak ere. Azalkeriari heldu eta kartzela eta ezkontza konparatu. Haren zurrungak eta berak senarrari jasan behar izaten dizkionak merkeki parekatu. Txiste erraza egin. Baina, batez ere, aurretik irakurritakoa ahantzi. Papera lurretik jaso eta horren ordez beste bat zabaldu. Gaiari ihes egiteko, orria pasatzea aski izango balitz bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.