Frenorik gabeko amodio muga-mugako bat kontatzen duen pelikula gihartsu batean, mutil protagonistak esaten dio neskari: «Nik ez dut izenik, zuk ez duzu izenik. Hemen ez dugu izango izenik. Zuk eta nik bat egingo dugu hemen, kanpoan gertatzen denarekiko batere ardurarik gabe, ados?». Neska beldurraren eta desioaren arteko borroka-toki ekaitzez betean dago, izutik eta plazeretik erdibana duen dardara batean. «Baina zergatik?», galdetzen du. Eta mutilak: «Hemen ez dagoelako gure izenak jakiteko premiarik, ez da beharrezkoa. Ez duzu ulertzen? Ahaztera gatoz, gauza guztiak ahaztera. Pertsonak ahaztuko ditugu, dakiguna ahaztuko, orain arte egindako guztia ahaztuko».
Gutxitan entzun edo irakurri dut erotismoa eta heriotza hain estu lotzen dituen elkarrizketa bat. Marlon Brando hil zen, Maria Schneider hil berri da. Izena jakiteko premiarik ez dagoen ahanzturaren ez-lurraldean daude biak.
Pelikula gelditu da.
Hitz beste
Azken tangoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu