Baionatik Gernikara

BERRIA.
Arantza Santesteban
2017ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Tartean behin badira gure historia petralaren egutegian seinalaturik geratzen diren egunak. Joan den larunbatekoa horietako bat izanen da seguru: ETAren armagabetzea gauzatu zenekoa.

Iritziak iritzi, batzuentzat konfrontazio militarra da egunotan amaitu dena. Alabaina, ikusi diren mugimendu politikoek bestelako zerbait iradokitzen dute: ziklo politiko oso bat agortu dela, bere dimentsio erabatekoan.

Alde horretatik, Baionako ekimenak ez du bakarrik konfrontazio armatuaren akidura irudikatu. Haratago joan da dinamika politiko gehienak agerian utziz: autonomismoaren agortze definitiboa batetik; eta, bestetik, hegemonia politiko eta kultural espainolistaren krisialdi sakona gurean. Era berean, ileak harrotu gabe esan daiteke euskal abertzaletasunaren hainbat kontraesan erakutsi duela; besteak beste, iparraldeko dinamika politikoaren freskotasunak nabarmendu du hegoaldetik egiten diren praktika politiko batzuen herdoiltzea.

Tempus politikoetan zaila izaten da hasierak eta bukaerak non dauden argiki definitzea. Hala, azken hamar urteetan, aro aldaketa sakonean murgilduta, trantsizio epealdi batean geundela sentitu dugu askok. Burujabetza prozesua jendearentzat erabilgarria izatea nahi bazen, eskema politiko asko irauli eta beste batzuk asmatu behar zirela. Eskozian edo Katalunian berrikuntza politikoetan asmatu duten bitartean, Euskal Herrian agortutako ziklo politiko baten luzapen minutuetan ibili garela, nolabait esatearren.

1852an Marxek esan zuen XIXko iraultza sozialak ezin zuela bere poesia iraganetik sortu; etorkizuna behar zuela oinarri. Esan zuen ezinezkoa zela momentuko eginkizun politikoa iraganarekiko miresmen superstiziosora kateatzea; XIXko iraultzak hildakoei utzi behar ziela hildakoak lurperatzen, bere egitekoaren edukia zein zen uler zedin.

Horiek horrela, 2017ko apiril eguzkitsuak luzapenen gurpiletik ateratzeko tenorea behar luke. Aberri Eguna ospatuko da gaur, eta Baionako itzala Gernikaraino iritsiko da ziurrenik. Marx-en aipuari jarraikiz, aro berriak etorkizunari begiratu beharko lioke; Sabino Aranaren etxe aurrean bukatu zen 1932ko lehenengo Aberri Egunetik haratago, XXI. mende konplexu honen hasierako eginkizun politikoak eguneratzera.

Aberri Egunaren zentzua galduz joan daiteke, baldin eta atzera begiratzeko zita bilakatzen bada. Zalantzarik ez dago kontakizun kronologikoak behar ditugula eta memoriaren funtzioa ezinbestekoa dela norbanakoen eta kolektiboen identitateak modu sendoan osatzeko. Horretarako bideak urratu behar dira.

Etorkizunak, ordea, ideario zein iruditegi guztien errebisioa eskatzen du: Erresistentzia paradigmetatik eskema eraikitzaileetara salto egitea. Abertzaletasun klasikoaren adieratik, berdinen arteko errepublika baten aldarrikapenera. Aberri Egun identitario edota alderdikoietatik, artikulazio independentista berri posible guztien ospakizunera.

Historia ez da ziklikoa; iraganean modu jakin batean gertatutakoa beste era batekoa izan liteke orainaldian. Horregatik, izan dadila aurtengo Aberri Eguna ibilbide politiko berrien giltzarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.