Freskagarriaren publizitateak guztiz sinpatikoa bihurtu zituen Zumosol gihartsuaren eta hark babestutako lehengusu ahularen ikonoak. Errealitatean, ordea, ez ziren atseginak. Eskolan ezagutu genituen estreinakoz: ahul kikil sentitzen zenean —baloia galdutakoan—, lagun edo anaia zaharragoarengana jotzen zuen laguntza eske. Gogaikarria egiten zitzaigun besteengana jo behar hura, gorrotagarriak egiten horrela jokatzen zutenak. Berdinen arteko lehia manipulatzea zen.
Wikileaks-en paperei esker, jakin berri dugu Madrileko gobernuak, nahiz ez oso yankeezalea izan, Washingtonen daukala ataka gaitzetatik ateratzen duen Zumosol lehengusua. Arazoren bat sortu orduko —deskargen kontrako protestak, kasu— ,lehengusuarenganajotzen dute kontrarioak neutralizatzeko eskatuz.
Gure txikitako eredua, hala ere, gardenagoa zen: baloi gabe gelditzen zirenek denen begien bistan eskatzen zuten laguntza, eta ez ezkutuan.
Hitz beste. Anjel Lertxundi
Baloi eske
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu