Eta Lurrak, unibertsoko hutsean isolatua dagoen gure planetak, lege ukiezin horren adibide garbia behar luke, eskuartean duen ikerketak ere frogatu beharko lukeenez. Sinplea da ekuazioa: hainbeste energia jasotzen du eguzkitik, beste horrenbeste igorri behar du espaziora, forma aldatuta izango bada ere.
Parekatze matematiko horri, hala ere, zehaztapen garrantzitsua egin dio. Berotegi efektua hartu du kontuan, CO
Koitaduari neuronen zirkuitua laburtu zaio aspaldion. Eta pazientzia. Eta jada ez daki non miatu. Arazo teknologikoa? Tresna neurtzaileak gaizki doituta ote daude? Ezin liteke, ordea. Egiaztapen horiek denak ondotxo eginak ditu. Espazioko zulo beltzen pareko energia zurrupatzaileak ote ditugu Lurrean? Eta hala balitz, non? Ozeano hondoetako arrakala abisaletan? Izan al lezake Lurrak hainbeste energia eta denboran horren luze bahituta edukitzeko biltegirik? Eta noiz arte gordeko du? Azaldu ote liteke bat-batean eta berotegi efektua bikoiztu? Bai? … Arranopola …
Emazteak —zeinak, bidenabar esanda, klimatologia enpirikoaz ezer gutxi dakien eta oporretan den— ordenagailuaren aurrean gaupasa eginda aurkitu du goizaldean, begi-zulo besterik ikusten ez zaiola, eta bi eskuak burura eramanda, ikerlari martirizatua, etxeko ganbaran egokitutako bulegoan.
—Zer, orain ere mundua konpontzen! —bota dio tonu mikatzean, 2003az geroztik sentitzen duen bakardadearen errua leporatuz. Beste biz zapuzkeriaren ondotik, eta gizonarekin berriz ere alferrik ari dela konturatuta, bakarrizketan hasi da:
—Eguraldi kaxkar honekin zer arraio egin dezaket? —galdetu dio aireari, euria zalapartaka ari duela konturatu eta gero.
—Errezatu, maitea —erantzun dio ilargian galduta zirudienak, —errezatu…