Amikuzeko etxalde batean, badu ez hain aspaldi, bi anaia sortu ziren zangodunak bai, baina ibiltzeko gaitasunaz gabeturik. Goizero, limoiondoak balira bezala, odol gabeko zurtoinak zurezko kutxetan sartzen zituzten, ekirat ilkitzen zituzten, etxe aitzinalderat, eta baserri-lanak bururatu orduko, berriz barneratzen.
Pietunak eta hurbileko familiak salbu, ez zuen bertze nehork haien berri: bisitarien bistatik gordetzen baitzituzten.
Hitlerrek gustura sartu izanen zituzkeen Aktion T4 eutanasia programan.
Uroski, geroztik, irabazi egin dute plaza sozial pixka bat elbarrituek.
Euskarazko film emanaldi batean, erdalduna pleinitu da, baztertua sentitu delakoan, 365 egunetatik bakarrean erosotasun absolutua mendratu zaiolako doi bat, berak hautatu duen gaualdian.
Elbarritu linguistikotzat onartuko bagenu geure burua, duintasunetik erantzunen geniokeen, irisgarritasun murritzegiak isilarazi gabe.