Ado izengoitiaz ezaguna da Alasane Ouattara, Bolikostan dagoeneko lehendakaritza Laurent Gbagborekin partekatzen duena. Hauteskunde nahasiak gertatu arren ez da kordoka askatu oraindik. Posta-etxeko aiduru gelan afrikarren artean eztabaida airatzen doa kasik egunero, aldekoak, aurkakoak, ezaxoladunak. Gu bazterretik beha geratzen gara debadioa nola bukatuko den zai. Odolik bederen ez genuke nahi.
Alasane Ouattara sustatzen dute munduko buruzagi handitsu guztiek, menturaz gizona NDFren kontura arizan zelako lanean garai batean. Sarkozyk ere erran du duela gutxi, Ouattara dela Bolikostako presidente bakarra. Badaki nor den: Neuilly hirian berak zuen Ado ezkondu 1990an Dominique Novion anderearekin eta honek Houphouët-Boigny zein Omar Bongoren jabetasun imobiliarioak kudeatzen ditu. Sarkozyren aldarrikapena beraz ez da harritzekoa. Afrika pillatzen darraiten lagunak ditu gerizatzen, hiritar gabetuen interesak baino.
Hamarkada bat lehenago nazioarteko indar politiko berdinek soldaduak Bolikostara bidali zituzten Gbagboren boterearen zurkaizteko. Bizkitartean Tiken Jah Fakolyk quitte le pouvoir eta mon pays va mal abesten zuen Europako tauladetan.
Herriaren ahotsa reggae musikaz.
Bira. Itxaro Borda
Ado
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu