COVID-19aren berragerpenez ari zaizkigu albistegietan. Ez dakit zergatik hitz egiten diguten noizbait birusa desagertu izan balitz bezala. Hor egon izan da beti; lehenengoz agertu zenetik. Mugitu egin da berez: gero eta herri gehiagotan dago. Joan, baina, ez da inora joan, ez da inondik desagertu. Eta orain musukoa erabili behar dugu derrigor. Duela hiru egun birusaren kontrako gerra irabazia genuen; orain birkonkistan etorri zaigu. Hizkuntza beliko hori ere jasangaitza da gaixoez ari garenean. Eta herritarren ardurarik eza. Horra normaltasun berrian ere errezeta zaharra: gure agintariek ez dute akatsik onartzen. Errua beti da herritarrona. Beti.
Bitartean, gure betebehar guztiak ondo bete ezinean gabiltzanok nahikoa daukagu emozioak atontzen. Pandemian galdu genituenei agurrak egiten ari gara ahal dugun moduan. Lanik gabe geratu diren lagunei laguntzen ari gara ahal dugun moduan. Maite ditugunekin galdutako denbora berreskuratzen ari gara ahal dugun moduan. Ordu gehiegiz alboan izan ditugunei distantzia hartzen ari gara berriro, ahal dugun moduan. Ahal dugun moduan. Hau guztiontzat izan da gogorra, eta ez diezagutela pisu gehiago jarri bizkarrean. Daukagunarekin nahikoa daukagu. Ez eskatu guri txarto kudeatu dituzuengauzenardurarik.
BIRA
Ahal dugun moduan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu