Egia esan, munduaren amaieraren iragarpen maiak ez nau asko larritu. Eta ez da harritzekoa, nirearen moduko haurtzaro apokaliptikoa gainditu duena zailduta baitago etorkizuneko augurio suntsitzaileetarako. Ordukoa bai amesgaiztoa. Batetik, katekesian eta aitona-amonen ahotan Azken Judizioaren estanpa izu-laborrizkoak—eta ni gelakide gogaikarriari egindako koskadak ariman utzitako orbain beltza garbitu ezinda—. Telebistan, berriz, Jose Maria Iñigo izeneko ikono pop-frankista aldarrikatzen zazpi planeta lerrokatuko zirenez 1982an amaituko zela mundua —zer diren gauzak, gero hego euskal herritarren eremuan PSOErena eta Naranjitorena izan zen urtean—.
Etxean eta ikastolan, aldiz, kentzeko burutik Azken Judizioak eta planeten lerrokatzeak, ez sinesteko halakorik. Baina, aldi berean, Gerra Hotza, eta bonba atomikoa, eta zentral nuklearrak, eta Lemoiz —goma2 eta Gladys del Estal barne— noiznahi aipagai. Eta ni nintzen ume haren buruan dena irabiatuta: Josafateko tronpeta hotsa, planeten talka, Breznev eta Reaganen arteko telefono gorria sutan, eta, bereziki, inoizko ihes erradiaktiborik handiena Lemoizen. Hau da, ohartzerako, mundua mortu eta bizidun oro hezurdura. Uste dut horregatik dela, igandean Garoña itxi zutenetik apokalipsia zertxobait urrunago ikusten dudala.
Bira
Akabo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu