BIRA

Apaingarriak

Onintza Enbeita.
2023ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Gure aitari ez zaizkio loreak gustatzen. Bueno, ez zaizkio itsusiak iruditzen, baina ez ditu bereziki maite. Eta ohartu naizenez, inguruko baserritar gehienek ez dute loreetan interes berezirik. Larreetan ateratzen direnean, ondo. Udaberriaren seinale dira, eta kolorea behar da. Gainera, lore desberdinak badaude zelaian, seinale ona da. Zelaiak anitza behar du izan espeziez eta belarrez. Hortik aurrera, loreontziak balkoian eta leihoetan eta etxetik oso hurbileko parajeetan, baina, baratzean, jateko gauzak. Ez dute denborarik apaingarrietan galtzeko. Traktorea pasatu behar dela, zerbait jorratu behar dela, simaurra zabaldu behar dela edo dena delakoa tokatzen dela, apaingarriek enbarazu egiten diete.

Nik barre egiten dut. Niri apaingarriak gustatu egiten zaizkit eta ortuaren bazter guztiak jatekoak ez diren gauzez betetzen ditut, eta horrek harreman biziagoa eraikitzen lagundu dit aitarekin. Ipini eta kendu, ipini eta lekuz aldatu, denbora ematen dugu elkarrekin.

Ez dakit ez ote den izaera kontua izango. Duela belaunaldi bat edo bi baserrietan jaio zen jendea, gure aita barne, ez dira apaingarrietan denbora galdu zale, bizitzan ere. Guk ordea asko erreparatzen diogu itxurari, gutaz pentsa dezatela nahi dugunari; eta ez gara ohartzen energia asko galtzen dugula alferrik.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.