Politikariak erabakiak hartzeko zeudela uste nuen, baina Eusko Jaurlaritzari, esate baterako, asko kosta zaio koronabirusaren inguruan erabakirik hartzea. Egoerak leher egin arte ez dute ia ezer egin. Orain etxean gaude, Espainiako presidentearen aginduak betez. Bistan gelditu da autonomiak ez zuela ezertarako balio. Berrogei urte eskumenak negoziatzen, ustez euskaldunon burujabetzaren alde, eta, hara, diskurtso batean ipurdi bistan gelditu da euskal eskuina.
Gasteizen lan egiten duen lagun batek esan dit salbokonduktoak eman dizkietela lanera joan ahal izateko. Bueno, Jaurlaritzak esan dienez, kontroletan erakusteko agiriak dira, baina garai bateko salbokonduktoen edo pase foralaren antza daukate. Nola Jaurlaritza ez den gai izan haien lanpostuak ixteko, ertzainei, udaltzainei edo Espainiako armadari erakusteko paper ofizial bat dute. Eta haiek, beste asko herrian itxita dauden artean, herritik atera ahal izango dira lanera joateko.
Gauza izugarriak irentsarazten ari zaizkigu gaixotasun kutsakor eta korrikalari baten aitzakian. Batzuetan pentsatzen dut begiak irekitzen ditugunean Espainiako armadak gure kaleetan jarraituko duela. Autonomiak ez zuela ia ezertarako balio esaten genuenok arrazoia genuela ohartuko da orduan jende asko, baina, ordurako, berandu izango da.
BIRA
Autonomia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu