Ainize Madariaga

Auzo-baratzean bara

2024ko maiatzaren 10a
05:00
Entzun

«Etxe berri bat eraiki herrian bizitzeko, ontsa da./ Etxalde zahar bat berritu eta salbatu,/ herriaren arima bat salbatzeko... hobeki da», idatzi du Amaia Jorajuria artista bikainak. Egia da: etxe hetsia zeinen hitsa den, ordea, bere betazalak argitzen ikusteak, zinez, herriari pindarra dakarkiola, eta nola, bihotz txoko bat berotzen duen istantean. Herria bera loriatzen da.

Bada, ez du menturaz alegrantzia hein bera kausituko, baina esku-zangoak baratzean sartu bezain zalu, aitzurkada ematen hasi orduko, harrigarria da nolako bozkarioa pizten duen auzoengan; kasik, baratzea jorratzen duenari berari baino haboro. Kopetatik beheiti izerdia darizula turrustaka, gerri-belaunak tolesturik dituzula, berdin, asunen batek eskuak errerik; lehen auzoa baratze parean baratuko zaizu bi eleren emateko: «Biba zu! Zer paratu duzu hor?». Eta, eboluzioaren segitzaile finak dira, gainera: pilota partida bateko berri emaileak nola.

Zuhaitzen izerdia igotzearekin batean sartzen zaigu primaderako frenesia, bazter guziak liliz eta landarez emokatzeko beharra, eta gustagarria da ondokoa ere hala harrapatua ikustea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.