Berak erabaki du hari bizia baldintzatuko dion istanta noiz izan den. Grina ustela jin zaiolarik, haurraren gorputzñoaren jabe egiteko irritsez, esku pean zuenari lotu zaio. Fereka bizi horiek adin ttipikoa kalitu dute barnetik: herexarik gabeko hilketa.
Trauma bakanetarikoa omen da zeinetan biktima batzuek hamarkadak behar baitituzte burua altxatu eta erasoa salatzeko. Jakinez adin ttipikoen gaineko eraso sexualen %3etan baizik ez direla erasotzaileak kondenatzerat heltzen.
Ordea, salatzeko epe mugatuaren peko dira biktimak; hori gainditurik, ahanztura-eskubideak jazarlea faboratzen baitu. Denboraren paseak ezabatuko balitu bezala zauri mugagabeak. Alta, justizia ezagupenaren faltan, bake sozialik gabe, haur izandako horrek bortizkeria instituzionala pairatu behar izaten du eta hil arteko oinazearen gatibu da, ez baitu sekula ahanzten.
Eskerrak 11 urteko mutikoari, biziki goiz mintzatu baita eta Hendaiako Eglantins futbol taldeak garaiz kanporatu baitu entrenatzailea: bertzeen istant gehiagorik ez beretzako.