Ospitalearen ondoan bizitzeak hau du. Anbulantzien sirena-hotsekin iratzartzen zara, anbulantzien ulu latzekin gosaltzen duzu, lotara baino lehen larrialdietarako autoaren min deiadar ozena entzuten duzu ez dezazun lasaiegi lo egin.
Asaldatu egiten nintzen lur hartu ondorengo egunetan, baina ohitu naiz larritasunera. Sirenen hots, min deiadar, ulu latz bakoitzak bizirik eta onik egoteko zortea dudala esaten dit. Baina, era berean, amildegia hor dagoela, eta ez ahazteko, istripu edo labankada batek zulora eraman nazakeela.
Zerbait ez dabil ondo eguneroko gauzek, garrantziarik ematen ez diegunek ere, zentzu politikoa dutenean. Orain, De Juana anbulantzian Donostiara daramatela irakurri dudanean, ezberdin entzuten ditut sirena-hotsak. Onik nagoela eta libre naizela oroitarazten didate sirena-hotsek, baina nahi izatera, edozein momentutan kenduko didatela nire askatasun hori. Onik nagoela, baina nahikoa dela erabaki bat, hau edo bestea egiteko.
Anbulantziak erakusten dit, bizitzea, libre izatea, kardiogramen marra finetan ez ezik, justiziaren hari finaren gainean ekilibristarena egitea ere badela.
BIRA. BIRA
Ambulance
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu