BIRA. Zebrak bidean
Iragarkiak esan eta esan ari zaizkigu, abiadura handiko trenaren proiektua estrategikoa dela denontzat. Hala dio Eusko Jaurlaritzaren kanpainak, denok -baita ez lur eta ez etxe utziko dituenek ere- tren laster horren joan-etorriei behi aurpegiz begiratu nahi bagenie bezala. Eta trenbide berria egiteko obrak estrategikoak direla dio patronalak ere. Porlan Herriko ekonomiari eusteko, denok -baita ekonomia horren legeek bankuen eta laguntza antisozialen menpeko bihurtutakoek ere- bagoi berean joatekoak bagina bezala. Estrategia batzuek semaforoa berde daukate beti, azken batean, beste batzuek beti gorri daukaten modu berean. Hara hor, esate baterako, Beasaingo Zaldiurreta kaleko zebra bidean ordu erdiz aurrera-atzera ibili ziren gazte biri gertatu zaiena: ofizialki terrorismoaren eta narkotrafikoaren aurkako tresna den Espainiako Auzitegi Nazionalera bidali nahi dituzte. Auzibidea zebra bideko protesta baketsua egin zutenei, horixe estrategia kriminalizatzaile nabarmen baten fruitu sasi-magikoa. Normala iruditu behar omen zaigu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileen aurretik zebrak ere pasaraztea. Safari estrategikoa omen da denontzat. Denok -baita lege ustez naturalek harrapakin huts izatera kondenatuek ere- treneko ehiztariak bagina bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu