Birziklatzen ikastea asko kosta zaigu. Oraindik ere ikustekoak dira gure herrietako edukiontzi batzuk, eta urdailean korapilatuta ditugu atez atekoaren garaiko eztabaida eta manifestazio zentzurik gabeak. Birziklatzen ikastea asko kosta zaigu, eta, gainera, erdizka ulertu dugu kontzeptua. Izan ere, enpresariek, mundua manejatzen duten potentziek eta kapitalak mezu erraza ematen digute: kontsumitu etengabe, eta, gero, sailkatu erositakoarekin eman dizkizugunak edukiontzietan. Eta horrela erosten dugu dena mila zorrotan batuta: plastikoa, kartoia eta plastikoa gainetik. Behin erabilita, edukiontzi urdinera, horira edo berdera botatzen dugu sobera gelditzen zaiguna. Eta kontsumi dezagun agintzen digutenek erabakitzen dute zer egin guri sobera gelditu zaigunarekin. Negozioa biribila da.
Ez zaigu okurritu, ordea, zorro gutxiagorekin batutako gauzak erostea, supermerkatuei zorrorik gabeko generoa exijitzea, kristalezko botilak beste zerbaitetarako erabiltzea edo bigarren eskuko gauzak erabiltzea. Bai, bigarren eskuko gauzak. Erabili eta bota egiten ditugu gauzak geuk berriak erosteko, eta, askotan, gu baino okerrago omen daudenentzat ematen dugu guk erabilia. Eta guk etengabe erosten ditugu gauza berriak. Bada, hori, ez dugu birziklatzea ziklo moduan erabat ulertu.
BIRA
Birziklatzeaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu