Eguberri bertan daukagu. Opari gosez gaude. Kontseilu Orokorraren erabaki geletarik euroak burrustan hitzematen zaizkigu ikastolen eta euskararen alde. Eta ez dira guk noiztenka borondatez luzatzen ditugun sos zeken haiek. Alabaina Brissontzero eta Olenlasserre loriaturik dabiltza hizkuntzaz desjabetu jendeengan burzoroa edo zorabioa ereinez. Hiru milioi edo ezer ez, diote, ahoak eman ahala:izanagatik lurrez gure aditz txipilak laster dirateke urrez...
Milioika euroen dantza hasiko dute politikariek berehala. 2012an hauteskundeak dira. UMPkoek hemen ez dute entzun nahi euskara ehortzi dutela. Alderantziz, Koldo Izagirrek zehazki autopsiatu mintzairaren tanatoprakta gisa agertuko dira, hilotza ederra suerta dakigun, ponponatua, makillatua, maiz makila kaskaz hezi duten arren. Halaber, hizkuntza politika galantak akuilatuko dituzte, planifikatuko, biderkatuko, deusetaz axolarik ez dugunok erranaldi zaharrei ez diezagun egin uko. Oroz bat familia tradizionalaren —aita, ama, semea— bidezko transmizioa dute sustatuko.
Diruz ito gaitzatela. Dirua dugu buruetan zurrun euskara aipatzen dugun oroz. Dirua, piztiak eta erakunde ezberdinetako nagusiak hazteko. Dirua gure ametsen (ban)pirua.
Bira. Itxaro Borda
Burrustan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu