Ainize Madariaga

Geroa gorpu

2024ko apirilaren 26a
05:00
Entzun

Ezin dut irudikatu nolakoa izan daitekeen apez baten eguneroko automatismoen serie konbergentea. Alta, egun hartakoa han izan banintz bezala ikusi dut. Negu minean, goiztiri hotz hartan, Apezetxerat bere xerka joan zitzaion Etxarteko anderea: «Aitak azken hatsa eman du». Apezak, orduan, mediku batek larrialdi egoerei aitzi egiteko duen gaitasun estoikoz erantzun zuen. Aspaldi baitzen galdu ziola beldur-ikara Heriori, partez bederen, bere irabazpidea baitzuen. Etxarterat buruz abiatu zen etxeko andereari segika, eta, izenak salatzen duen bezala, bi etxe gotorren artean zegoen Etxartea, ordurako amiñi bat zaharkitua, tindaketa on baten egarritan. Kanpoko leihoak oro hetsiak zituen. Barne ezin ilunago horietan, etxeko anderearen galtzerdi zuriak baizik ez zituen iparrorratz. Ezkaratzetik eskailerak upatu zituzten eta korridore luzearen buruan, eskuineko bortatik sartu ziren ganberarat. Gorpuari hurrandu zitzaiolarik azken otoitzaren errateko, ikaraz jauzkatu zen hilotza mugitzen sumatu zuelarik. Etxeko andereak, orduan: «Atx! Barka, ondoko gelan duzu aita. Hau biharkoa duzu!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.