Ez dakit inoiz gertatu ote zaizuen, toki estu batean sartu —adibidez, igogailuan— eta atea ixtearekin batera, kirats jasanezina sumatzea, sudur zuloetan Pegamento imedio kola pote bana jarrita ere disimulatu ezin den horietakoa; ustel arrasto horren iturria, bestalde, espazio itogarri eta une trinko horretan, gerta zitezkeen aukera guztien artean ezerosoena izatea, eta gainera, zalantza izpirik gabe identifikatzea: igogailuan zetorren pertsona bakarrak, burumakur ziztuka hasi den horrek, haizea du. Zerorri sartzeko atea zabaldu baino segundo erdi lehenago egin dio ihes. Arraioa, lau platerkada babarrun jan osteko erreakzio kimikoaren adinakoa izan da. Puzkar megatoia.
Ez dakit inoiz gertatu ote zaizuen antzekorik. Niri, atzo (igogailuko bi lagun horietatik zein ote nintzen ez noa esatera). Eta Kike Amonarrizen artea banu, okasioko abanikoa atera eta txistea botako nukeen. Horren ordez, artikulu bat etorri zitzaidan gogora, bio-medikuntzan Bob Dylanen abestiak nola aipatzen diren dioen bat. Blowing in the Wing ospetsua, kasura, hesteetako gasak eta antzeko eragozpenak ilustratzeko baliatzen omen da. Ez da argitzen politikarien flatulentziekin ere lotzen ote duten. Alegia, hauteskundeak igarota, haizeak eramango dituen promesekin.
BIRA
Haizea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu