Irratia martxan izan dut goiz guztian. Ni hara eta hona ibili naiz, baina tarteka harrapatu dut zer edo zer. Ahaztuta nengoen, edo ez dut gogoratu nahi izan, edo batek daki, baina gaur (atzo) direla 30 urte bota zuten Berlingo Harresia. Entzun diot bati eta besteari ospakizun handietarako eguna izan zela, askatasuna iritsi zela Alemaniara eta ez dakit zer gehiago. Gehienek aditzera eman dutenez, ekialdekoak izan ziren askatasunik gutxienarekin bizi izan zirenak: ezin handik irten, dibisarik ez… jakin nahi nuke harresia ustez diru askorekin gurutzatu eta mundu kapitalistan garagardo lata bakarra erosi ahal izan zuen emakume hark zer esango lukeen askatasunaz.
Historiari ezin zaio bizkarrik eman, eta Berlinek izan duen garapenaz hitz egitea ondo dago, baina gure komunikabideek konplexu gabe azaldu behar lituzkete oraindik eraikita dauden hormak: hasi Ceutan eta Palestinaraino, Mexikotik pasatuta. Mundua arantzadun alanbrez beteta dago, eta ustez eraitsi ditugun hormei begira jartzen gaituzten bitartean, gehiago eraikitzen dizkigute. Bloke komunistaren eta kapitalistaren arteko gerra hartan irabazi uste zutenek inoiz ez diote utzi harresiak eraikitzeari: ondo bizi garela sinetsarazi digutenek ez dezagun ikusi, gu ondo bizi gaitezen, gaizki nortzuk bizi diren.
BIRA
Harresiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu