Bira. Itxaro Borda

Hasi da

2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Obamak urtea hondartzan hasi du Hawain. Gazan emazte bat ito da gas negargileengatik. Alexandrian hamarnaka kopta hil dira atentatu batean. Jendeak arraiki elkar sarraskitu dira munduan zehar odolaren usaina Diorena baino erakargarriagoa bailitzan. Eurite latzak dabiltza Australiako Queensland aldean. Ukranian zartagailuz suntsitu da Stalinen brontzezko tailua. Mexiko eta Estatu Batuen artean dagoenaren antzera, Turkiarekiko muga harresiz azpatuko du Greziak ilegalen aitzinatzea ekiditeko. Hego Sudaneko independentziarako bozketa ezeztatu nahi du Kartumeko botereak. Estonia euroaren eremuan sartzen da eta hegoaldeko gure haurrideek ez dute gehiago leku publikoetan erretzen ahalko.

Gertakarien zerrenda egitean ageri da oparotasun handian abiatu dela 2011a lurraren azalean. Ez dugu beraz 2010ekoaz damutzerik, datorkiguna, aurrekoa bezain garratza, gerratsua, bekaitza eta falangatsua datekeelako. Abendoko trabengatik Sarkozyk elurra bera auziperatuko da, besterik ezinean eta errudunak derrigor aurkitu behar direlako. Gerizatzaile aurkezten da lehendakaria, ahanzten duelarik erratea aberatsenen interesen zaintzaile baizik ez dela izanen.

Odolez gose gauden banpiroak gara gu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.