Onintza Enbeita.

Ikasi duguna

2023ko azaroaren 17a
05:00
Entzun

Oraintxe beteko da urtebete Tindufen egoteko aukera izan nuenetik. Han dago saharar herria, beraiena ez den lur batean bizitzera kondenatuta. Azken hilabetean askotan pasatu zaizkit burutik sahararrak. Ez daude palestinarren egoera berean, baina batzuk eta besteak haien lurretik bidali egin zituzten. Historiatik ezer ez dugula ikasi esaten dugu, baina ez da egia. Zapalduek eusten ikasi dute, edo ikasi dugu; eta zapaltzaileak ikasi duena da boterea baldin badauka inork ez diola ezer esango, edozer egiten duela ere. Bai Israelek eta bai Marokok argi daukate hori. Haien eskuetan dago iturria noiz ireki eta noiz itxi, azken ofentsiba noiz egin eta ordura arteko erasoak nola antolatu, zenbat utzi bertan eta zenbat bidali kanpora.

Ez daukat ezer egindako esaldien kontra, baina gatazka bat dagoen aldiro esaten dugu ez dugula ezer ikasi, edo orain modan jarri denez gero, ez dugula Gernika gehiagorik nahi. Zapalduaren agonia. Gernika bonbardatu zutenen ondorengoek bai nahi dituzte Gernika gehiago. Zergatik ez? Haientzat merkea izan zen. Sionistek nahi dituzte nakba eta exodo gehiago. Zergatik ez? Haiek munduaren aurrean biktimak eta jatorrak izaten segituko dute. Marokok nahi ditu lurralde okupatu gehiago. Zergatik ez? Beste batzuk dira horretarako hil behar dituenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.