Bira. Itxaro Borda

Ikazkina

2010eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Euskal Herriko ikazkinik ospetsuena amodiotan dabil azken urteotan. Mendeak iragan ditu menditik bakarrik eta zakar jaisten. Orain zibilizatzen doakigu. Zikina zen, pipa ezpainetan zerabilan, uzker eta oker egiten zuen arraiki. Garbitu dute. Erretzea debekatuko zaio datorren urtarrilaren 1tik hara. Emazte bat ere atzeman diote, Mari Domingin izenekoa —menturaz dote oneko atsoa— umeek bikotearen eta familiaren eredu perfektua buruan iltza dezaten behin betirako. Segur aski haurrak ukanen dituzte gero eta haur horiek aitaren larderiaz bezain amaren samurtasunaz gozatuko dira. Egia erran, behialako ikatz garratzaren ordez, Olentzerotarrek jada hirugarren belaunaldiko opariak ekartzen dizkigute, hala nola MP3 irakurgailuak, playstation ozentsuak eta pantaila distiratsuak.

Olentzero ez zena karlos edo donado higatzen ahal? Nork eskatu dio bere iritzia? Eta gay balitz zer? Ez ote genion karriketan beste ikazkin tripazu baten konpainian agertzeko baimenik emango? Mari Domingin frekantatzen duela jakiteak arranguratzera ekartzen gaitu. Olentzerorena, ezkontza antolatua baino ez dela iruditzen zaigu, orden moralaren eraso berri bat.

Eta gosaio andana bat sortu zitzaien...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.