garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Justizia

2015eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Tortura esan eta irudi likatsuak proiektatuko zaizkio dagoeneko gazte ez denari, bereziki hari, bere garaiko paisaia ilunaren zati direlako, elektrodoak, bortxaketa, erabateko doilorkeria, zentzurik makurrenean. Tortura esan eta hezurmamitu egingo du hitza bera, aurpegia jarriko dio, eta zigorgabetasunak amorratuko du gero, amesgaiztoa betikotzen duen esentziak. Psikopatak torturatzen baitu, baina agintearen baimenaz. Hemen eta munduan, terrorismoaren aitzakian, estatu baten anparoan.

Anparo. Arangoa. Sindikalista leitzarra. Tortura esan eta haren kontrako bidegabekeria itzultzen dit oroimenak, haurra nintzela, Zeruko Argia-k publikatutako argazki haiek deskubritu eta hotzikaratan utzi nindutenetik. Ordu eskasetan, Tolosako guardia zibilen kuartelean latzak eta bost hartuta, hilzorian utzi zuten 1976ko apirileko hartan. Haren odolbilduak eta minak erori txar baten ondorio izango ziratekeen epailearen aurrean, edo bere buruari egindako okerrak, legezko jarduna likisteko asmazioak, zentsurari ihes egin zioten argazki haiengatik ez balitz. Atzoko eta gaurko beste milaka kasutan bezalatsu.

Gaiak hitzordua du Baionan. Balio beza haien guztien ausardiak, tortura salatuz gizarteari egin dioten mesedeak, haienganako errukiak baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.