Frantziako defentsa ministroa Kabulen zen aste hondar honetan. Soldaduen erdian zegoen, gerrako tresnak saiatzen eta xanpaina partekatzeko orduan, mahaiaren gainean dantzari, behialako Marilyn Monroe maitagarri haren antzera, Koreara zihoalarik GI Joeren egunerokoa goxatzera. Juppé eta Monroeren artean badakizue menturaz nor hobesten dudan.
Soldaduak mintzo dira gero: haurrak eta emazteak dituzte gogoan, hello ma chérie aditzen banauzu, Kabul ez da leku egokia eguberriak ospatzeko, misioa gogorra dutela baina bururaino joango direla. Demokraziaren izenean. Arriskuak onartzen dabiltza amerikar marines haien pare, beraien job-a dela errepikatzen dutelarik. Nehork ez zuen ulertu duela kasik hamar urte zergatik ez ziren militar frantsesak Bagdadera igorri eta bai aldiz, garai berdinean, Afganistanera. Geroztik han daude, noiztenka, Frantziako prentsan bat edo bestea zentzen delako berria zabaltzen delarik, aipamen handirik gabe, egia erran.
Ankerra da ministro handiosa, berak ere arras kontrolatzen ez dituen helburuen zerbitzura sakrifikatu soldado gazteen artean begimentzea, ofiziokoak diren arren, irudiek daukaten fikzio belikos orokorraren space kutsuagatik bereziki.
Bira. Itxaro Borda
Kabul
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu