Mendebaldeko euskaldunak gara gu: ustez, euskara salbatuko den lekutik alboratxoago bizi gara. Eskuinak indar bizia lurraldean ezkerra aukeratu genuen, eta geure kontraesan guztiekin bada ere, irauten dugu bizirik. Eskolako patioan, gustatzen ez zitzaizkigun kiroletara jolastu behar izaten genuen goma bati bueltaka bazterrean egoteaz nazkatzen ginenean. Bertsolaritza gustatzen zitzaigun umetan, eta orain arte bertsolari iraun dugun arren, beti izan gara kontziente jende asko joaten den lekura joateko beste afizio batzuk izan behar direla. Baserrian jaio ginen: arbaso zaharren etxean. Mundu modernoagoen bila ihes egin zuen jende askok, baina guk hemen gelditzea erabaki genuen. Orain, modan jarri dira berdea eta bukolismoa, eta pribilegiatuak garela esaten digute; baina gu ez gara egundo mugitu tokatu zitzaigun bazter honetatik.
Ostegunean, Bilboko Kale Nagusian, Korrikaren lekukoa eraman genuen. Ordezkatzen dugun periferia guztia hantxe zegoen, erdi-erdian: enpresa, erdara, hiria, ekonomia, modernotasuna, kirol maskulinoa eta beste hainbat gauza epizentriko ordezkatzen dituen lekuan. Ez du mundua aldatzeko balioko, baina guri balio izan zigun periferiak erdigunera ekartzeko ze behar daukagun aldarrikatzeko; beste behin.
BIRA
Lekukoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu