Onintza Enbeita.
BIRA

Lodiak

2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Jaten dugunak egiten gaituela esaten da. Kontua da jaten dugun horretatik zerk eta zer egiten gaituen. Izan ere, esaldi hori loditasunaz hitz egiteko erabiltzen da askotan, baina jaten dugunak ez gaitu loditu bakarrik egiten. Zerk eta nolako egiten gaituen esaten hasita, esan dezagun jaten ez dugunak ere egiten gaituela; baita jaten duguna erosten dugun lekuak ere. Janaria jan beharrean, haren ordezko bitaminak eta proteinak pastilletan edo zukuetan hartzeak asko esaten du guri buruz. Azukrea, uhaza biologikoa, haragia, tomate botikadunak, munduko beste puntatik ekarritako soja ekologikoa, arraina, piper hidrophonikoak, hanburgesa prefabrikatuak, gominolak… Aukera zabala dago tripa betetzeko, eta guztiak esaten du zerbait guri buruz. Kontua da gure gizarteak mezu bakarra hartzen duela: argal bazaude, osasuntsu zaude; lodi bazaude, Donutsak jatea gustatzen zaizu. Eta hori azterketa sinpleegia da. Loditasuna beti ez da egoten asko eta edozelan jateari lotuta, eta argaltasuna beti ez da osasuntsua.

Gaur, obesitatearen kontrako nazioarteko eguna da. Komunikabideek esango dituzten zenbait gauza ez entzutearren, ez nintzateke ohetik atera ere egingo. Baina denok daukagu munduan leku bat okupatzeko eskubidea; baita arauak dioen baino zentimetro gehiago okupatzen ditugunok ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.