Ez dut egingo Gernikan, azoka egunez, frankisten manuz egindako sarraskiaren eta herenegun, azoka egunez, Ertzaintzak banatutako egurraren arteko konparaziorik. Isildu egingo dut irudiak ikustearekin bat memoriak egin didan bat-bateko lotura. Are, onartuko dut parekatzea izan daitekeela neurriz kanpokoa, erraza, tripetakoa, eta jende askorentzat mingarria —nahiz eta beste askori bihotz-buruetan niri sortutako alderaketa bera piztu—.
Ez diot eskatuko Jaurlaritzari desobeditzeko, bere zaintzapean diren herritarrak ageriko bidegabekerietatik babesteko. Egingo dut ariketa eta ulertuko dut zer diren ardura instituzionala, errespetu instituzionala, betebehar instituzionala. Nahiz eta aitzakia instituzional horiek denak traba izan hainbeste belaunaldi minean hazi dituen gatazka egiaz konpontzeko, Amezagaren belaunaldia sufrimenduaren dinamikatik askatzeko, benetako jendarte eta elkarbizitza ikuspegiz gobernatzeko.
Baina mingaina lotzeko ahalegin setatia egin arren, ezin dut erabat isildu. Ezin ditut Ertzaintzak Gernikako azokan egindakoa eta Segurtasun Sailak emandako onespena salatu gabe utzi: 94 urteko andrea zauritzen duen operazioa ez baita zilegi, are eta gutxiago egoki. Argi dezatela bestela noraino lurperatu duten zoru etikoa.
BIRA
Lurpean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu